Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ideologia

iz. Garai, gizarte, talde edo klase baten ideia eta usteen multzoa.  v  Fil. Ideien jatorria aztertzen duen filosofia dotrina. Destutt de Tracy frantses idazleak (1754-1836) ideologiari “ideien zientzia” izena eman zion, eta bere jarraitzaileari ideologista. Zientzia hori eratzeko D. de Tracyk John Locke-ren eta Etienne Bonnot de Condillac-en epistemologia berezia, eta Francis Bacon-en filosofiaren ideiak hartu zituen. 1795-1799 bitarteko urteetan Direktorioak Tracy-ren ideiak ongi hartu zituen, baina gutxietsiak izan ziren Napoleonek aginpidea hartu zuenean. Tracy-ren ustez ideologiak gizartea ulertzeko teoria bat aurkezten du, eta egitasmo politiko bat eratzen. Egitasmo hori aurrera eramateko nolabaiteko borroka izaten da lehenago, eta hori dela eta ideologiak jarraitzaileak behar ditu bere alde lan egiteko, eta horrez gainera intelektualen buruzagitza eskatzen du. Ideologia guztien ezaugarria agintea eskuratzeko nahia izan da, eta horrek lotu ditu ideologia eta iraultza, eskuinekoa nahiz ezkerrekoa. Aro Modernoan sozialismoa, komunismoa, nazionalismoa, faxismoa eta nazismoa izan dira ideologia sendoenak eta jarraitzaile gehien izan dituztenak.