Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

idazkera

iz. Hizkuntza jakin bateko hitzak idazteko modua. || Hitzak edo gogoetak ikurren bidez adieraztea. ◊ Idazte sistema jakin batean erabiltzen den zeinu mota. ◊ Norbaitek idazterakoan ikur horiek marrazteko duen moldea. || Idaztankera.  v  Hist. Idazkeraren historiak hizkuntzen historiaren antzeko garapena izan du. Ezin da zehazki esan noiz hasi zen; txinatarrek diote haien idazkera K.a. 2852-2738 bitarteko urteetan Fo-hi enperadoreak sortu zuela; bai indiarrek eta baita egiptoarrek ere idazkera jainkoen asmakizuna zela zioten. Idazkera sistema piktografikoetatik sistema abstraktuetara aldatu da, alegia, konbentzio gero eta handiagora jo du.  v  Idazkera ideografikoa edo piktografikoa. Giza pentsamendua eta hitzak marrazki edo ideograma bidez irudikatzen dituen idazkera mota. Ezagutzen diren kulturetatik eskimalek eta Ipar Ameriketako indiar batzuek erabiltzen zuten. Ideograma batek esaldi osoa adieraz zezakeen, baina pixkanaka zeinu bakoitzari hitz bat egokitu zitzaion, eta idazkera gero eta zehatzagoa egin zen. Antzinako Egipton idazkera ideografiko berezi bat erabiltzen zuten: hieroglifoa, 700 bat zeinuz osatua. Hieroglifoetan hasieran zeinua eta hitza zuzen zuzenean zeuden lotuta, alegia, ikono balioa zuten zeinuek, baina geroago zeinuak ideia abstraktuak adierazteko erabili ziren; eguzki batek, adibidez, eguna adierazten zuen, eta baita ere denboraren iraupena. Gaur egun gehien aztertu diren egiptoar idatzietan alfabeto piktografikoaz gainera fonetikoa ere erabiltzen zutela erakusten dute; lehoi baten irudiak adibidez, “lehoia” adierazten zuen, baina baita ere beste edozein hitzetako leo silaba.  v  Silabakako idazkera. Hotsak silabaka aditzera ematen dituen idazkera mota. Idazkera hieroglifikoak baino zeinu gutxiago zuen; kultura askotan aurreko idazkera piktografikoaren garapena izan zen, eta ondorengo alfabeto idazkeraren abiapuntua. Halakoa zen idazkera kuneiformea, K. a. 2.000 urte inguruan sumeriarrek eta asiriar-babiloniarrek erabili zutena; ziri itxurako zeinuek osatzen zuten, eta alfabetoaren oinarrizko ezaugarriak zituen, zeinu ugari (700 inguru) izan arren.  v  Alfabeto idazkera. Hizkuntza baten hotsak (kontsonanteak, bokalak) adierazten duten zeinuez (letrez) osatua. ik. alfabeto. Alfabeto idazkera K.a. 1.500. urte inguruan sortu zen semiten artean, Sirian, adituek diotenez. Era horretakoa da feniziarrek sortu eta zabaldu zuten alfabetoa, europar alfabeto guztien iturri eta eredu izango zena. Feniziarren alfabetoak, semiten alfabeto guztiek bezala, kontsonanteak bakarrik zituen; ez zuen ez punturik ez bokalik, eta hitzak bata bestearen atzean idazten ziren, eskuinetik ezkerretara. Greziarrek K.a. 800. urte inguruan hartu zuten feniziarren alfabetoa eta bokalak erantsi zizkioten. Antzinako greziar alfabetoak 22 letra zituen, feniziarrak bezala, baina aldaketak izan zituen geroago, eta azkenik Grezia osorako 24 letratako alfabetoa onartu zuten, gaurko greziar alfabeto bera dena. Semiten alfabetotik edo grekotik sortuak dira alfabeto berri guztiak, eta 20tik 30era letra dituzte. Zeinuak erabat konbentzionalak eta arbitrarioak izanik ere, bakoitza hots mota bati dagokio. Hala ere, letraren eta hotsaren arteko egokitasuna ez da inoiz osoa izaten.  v  Kulturaren historian garrantzi eta eragin handiena izan duten idazkerak txinatarra, sanskritoa eta arabiarra dira.  v  Txinatar idazkera. Bi zeinu mota erabiltzen ditu, ideografikoak eta fonetikoak. Lehenengo multzoak ehunka irudi hartzen ditu, eta gauzen marrazkiak (etxea, txakurra, zuhaitza…) dira denak; bigarren sailak, berriz, ahoskera eta zentzua lotzeko elementu fonetikoak eta ideografikoak tartekatzen ditu. Txinatarrek silabak bata bestearen azpian idazten dituzte, goitik behera eta ez luzetara.  v  Sanskritoaren idazkera. Idazkera zaharren artean aurreratuena da, eta ez du zeinu hieroglifikoen arrastorik. 14 bokal (luzeak, laburrak, bikoitzak…) zituen eta 34 kontsonante. Zeinuak oso simetrikoak ziren eta ongi marraztuak. Ezkerretik eskuinera idazten zen, eta Indiako, Tibeteko eta Zeilango hizkuntzen idazkeraren oinarri izan zen. Budismoaren liburu santuen idazkeraren oinarria ere sanskritoarena da.  v  Arabiar idazkera. ik. arabiera.