Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibarrondo Ugarte, Félix

Gipuzkoako musikagilea (Oñati, 1943). Hasierako musika ikasketak aitarekin egin zituen, eta gero Juan Cordero Castañosekin. Parisen Deutsch, Dutilleux eta Ohanarekin harreman estuak izan zituen. Messiaen-en eragina ere jaso zuen han. Oscar Esplá, Lili Boulanger eta Arpa de Plata izeneko sariak irabazi ditu, besteak beste. Ibarrondoren musika lanak oso landuak dira, eta tresnen erabilera guztiz aberatsa. Adierazkortasun handiko estiloa du, oso modernoa, frantses maisuen eragin garbia erakusten duena; euskal jatorria ere antzematen zaio aldi berean. Izen handia du Espainian eta, bereziki, Frantzian. Lan nagusien artean, hauek ditu talderako eginak: Au bord d’abîmes (1974); Alucinación (1975); Dans l’emprise d‘un ombre (1976); Izengabekoa (1982); «Triptyque»; Clameur de la nuit; orkestrarako:Vague de fond (1983); eta ganberako musika: Baña-zegaitik (1975); Clair-oscur (1975); Resonances (1974); Brisas (1980). Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hala eskaturik, orkestra horrentzat ere egin du lanik, eta disko batean argitaratu du lan hori EOSek. Hirurogeita bi konposizio ditu erregistratuak, erdiak baino gehiago 1980-1998 bitartean sortuak. Hauek dira azkenekoak: Concerto pour Violon et Orchestre (1995), Ode à Martin (1995-96), Nireak (1996-97), Quatuor à cordes (1997), Itzak (1997), Gacela del Amigo (Francisco Guerreroren omenez) (1998) eta Ishtar (1998). Hogeitik gora disko ditu kaleratuak.