Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibarretxe Markuartu, Juan Jose

Arabar politikaria, EAJkoa, eta EAEko lehendakaria. (Laudio, 1957). Ibilbide politikoa bere herriko alkate gisa hasi zuen, 26 urte zituela. Arabako Batzar Nagusietako buru eta Jose Antonio Ardanzaren gobernuan Ogasun sailburu eta lehendakariorde ere izan zen, betiere alderdi barruko lanari eta kargu teknikoei emana gehienbat. Politikagintzaren lehen mailarako jauzia 1998an eman zuen, EAJk lehendakaritzarako hautagai izendatu zuenean. Hauteskunde haien ondorioz, EAEko lehendakari izendatu zuten 1998ko urteko abenduan, EAJ eta EA alderdietako legebiltzarkideen botoei esker. Nolanahi ere, Ibarretxek osatu zuen gobernuak –EAJ eta EAko ordezkariez osatua–, ez zuen Legebiltzarrean behar adineko kide kopurua bi alderdi horien babes soilarekin jarduteko. ETAren su-etenak eragindako giroaz baliatuz eta Lizarra-Garaziko itunaren ondorioz, EHrekin akordioa erdietsi zuten aipatutako bi alderdiek, eta Eusko Jaurlaritzak hiru talde parlamentario horien babesaz jardun zuen 2000. urtearen hasieran hitzarmen hori bertan behera geratu zen arte. Izan ere, ETAk su-etena bertan behera utzi ondoren erakunde armatuaren ekintzak gaitzestea eskatu zioten behin eta berriro EHri EAJk eta EAk hitzarmenari eusteko, eta EHk ez zituenez ETAren atentatuak gaitzetsi 2000. urteko otsailean behin betiko apurtutzat jo zuen Legebiltzarrean hiru talde abertzaleen arteko lankidetza bermatzen zuen hitzarmena. Orduz geroztik, behar bezainbateko babes parlamentariorik gabe jardun du Ibarretxeren gobernuak, PP eta PSE-EE taldeen presiopean. 2000. urtean zehar, legegintzaldia amaitutzat eman zezan eta hauteskundea aurrera zitzan eskatu zioten behin eta berriz oposizioko alderdiek, eta urte bereko urrian zentsura mozio bana ere aurkeztu zuten Juan Jose Ibarretxeren aurka PPk eta PSE-EEk, nahiz eta ez egin aurrera behar bezainbateko botorik lortu ez zutelako. Egoerari aurre egiteko asmoz, "bizitzaren, elkarrizketaren eta euskaldunon erabakiaren errespetuaren aldeko konpromiso" hirukoitza aurkeztu zuen Juan Jose Ibarretxek 2000. urteko urrian, baina gobernu koalizioa osatzen zuten bi alderdiak baino ez ziren bildu ekimen horretara. Azkenik, hauteskundeak deitzea erabaki zuen Ibarretxe lehendakariak 2001. urteko otsailean. Hauteskunde kanpaina gogor baten ondoren, EAJ-EA koalizioak irabazi zituen Eusko Legebiltzarrerako 2001eko hauteskundeak (botoen % 42,7 lortu zituen), eta 2001eko ekainaren 12an, bigarrenez hautatu zuten Ibarretxe lehendakari, Ezker Batuaren babesarekin. Batasunaren ilegalizazioa eta gobernu zentralaren presioak zirela eta, gobernuak une zailak bizi izan zituen (aurrekontuak onartzeko orduan, adibidez), bi eserleku falta baitzitzaizkion gehiengo osoa izateko. Legegintzaldi horretako ekimenik aipagarriena Euskadiko autonomia estatutuaren erreforma proposamena izan zen, Ibarretxe Plana deitua. Planak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiaren arteko harremana asoziazio askean oinarritzea eskatzen zuen. Eusko Legebiltzarrak bere onespena eman zion Planari 2004ko abenduan, Sozialista Abertzaleen (Batasunak Legebiltzarrean hartu zuen izena) sei legebiltzarkideetatik hiruk alde bozkatu izanari esker. Espainiako Legebiltzarrean, ordea, ezezko biribila jaso zuen proposamenak: 313 boto aurka (PSOE, PP, Ezker Batua, Coalicion Canaria eta Chunta Aragonesista), 29 alde (EAJ, EA, Nafarroa Bai, CiU, ERC eta BNG) eta bi abstentzio (IC-V). Espainiako Legebiltzarraren ukoak berriro hauteskundeak deitzera behartu zuen lehendakaria. 2005eko apirilean egin ziren hauteskundeak, eta EAJ-EA koalizioak aurreko hauteskundeetan baino emaitza kaskarragoak izan zituen: botoen % 38,67. Hala ere, 2005eko ekainean, Ibarretxe izendatu zuten lehendakari, hirutariko gobernua osatzen zuten alderdien 32 botoekin gehi Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistaren (EHAK) birekin. 2004ko martxoko Espainiako Legebiltzarreko hauteskundeak PSOE irabazi zituen, eta harrezkero Madrilen eta Gasteizen arteko harremanak lasaitu egin ziren. Hala, Eusko Jaurlaritzaren VII legegintzaldia Espainiako gobernuaren eta ETAren arteko negoziazio prozesuak markatua egon zen. ETAk su-etena eman ondoren, Ibarretxe euskal alderdi guztiekin elkarrizketatu zen, baita Batasuna legez kanporatuarekin ere. Hori zela eta, Ermuko Foroak salaketa jarri zuen Ibarretxeren aurka (baita, geroago, PSEko Patxi Lopez eta Rodolfo Aresen aurka ere) Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, 2006an Batasuneko kide batzuekin elkartzeagatik, eta 2007ko urtarrilaren 31n deklaratzera joan behar izan zuen epailearen aurrera, epaileak auzia artxibatzea erabaki bazuen ere.