Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hortz

iz. Gizonagan eta animalia askotan, goiko eta beheko barailen ertzean dauden organo gogor eta zurixketako bakoitza. || Zerraren eta kidekoen ahoaren edo ertzaren irtenune bakoitza; hainbat gauzakiren zati edo pieza puntadunak eta irtenak. || Hortzetako eskuila. Hortzak garbitzeko erabiltzen den eskuila txikia. || Hortzetako pasta. Hortzak garbitzeko erabiltzen den pasta berezia. || Hitzetik hortzera. Bat-batean, berehala; etengabe. v Anat. Animalia ornodunen hortzak antzinako arrainek babesteko azalean zituzten hezurrezko geruzen bilakaeratik sortuak dira. Ugaztunen hortzak hiru zati ditu: koroa edo hortz ohitik kanpo dagoen partea; erroa edo hortz ohiaren azpian dagoena, eta lepoa, mintz haragitsuzko ehun baten bidez, koroa eta erroa lotzen dituen partea. Aldi berean hiru geruza edo maila ditu hortzak: esmaltea edo kanpoko geruza, gai gogorra eta trinkoa, eta hortzaren koroa estaltzen duena; erdiko geruza edo dentina, esmaltea baino bigunagoa eta hezurraren osaera bera duena. Hortz mamia da hortzaren geruzarik barnekoena, eta zelulez, odol hodiez eta nerbioez dago osatua. Hortzaren erroak leku batzuetan zementua du inguruan. Zementua ez da dentina bezain gogorra eta hezurraren antzeko ezaugarriak ditu. Gizonak 20 hortz ditu erortzen direnak, 10 barailezur bakoitzeko, eta 32 iraunkorrak (16 barailezur bakoitzeko). Gizonak barailezur bakoitzean lau ebakortz, bi letagin eta lau hagin ditu erortzen direnak, eta behin betikoak, berriz, lau ebakortz, bi letagin, lau aurreko hagin eta sei hagin barailezur bakoitzeko. Behin-behineko haginen lekua behin betiko aurreko haginek hartzen dute, eta behin betiko haginek ez dute lehenagoko haginik beren lekuan (lehenengo behin betiko hagina haurrari 6. urte inguruan ateratzen zaio, bigarrena 12. urte inguruan eta hirugarrena, 18-20 urte dituenean). Ebakortzak eta letaginak janaria zatitzeko erabiltzen dira, aurreko haginak eta haginak, berriz, janaria txikitzeko eta ehotzeko. Hortzaren formak erakusten du bere eginkizuna: ebakortzaren koroak ebakitzeko ertz zorrotzak ditu, eta haginak, berriz, janari puxkak txikitzeko erpinak edo tontorrak. Giza hortzen ezaugarria da letaginak txikiak izatea. Hortzen erroen kopurua ere aldatu egiten da hortz batetik bestera: erro bakarra dute ebakortzek eta letaginek, eta hiru, adibidez, goiko haginek.