Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Horazio (Quintus Horatius Flaccus)

Olerkari latinoa (Venusia, Apulia, K.a. 65 - Erroma, K.a. 8). Venusiako liberto baten semea zen. Oktavianoren eta Antonioren aurka borrokatu zen errepublikazaleekin batera tribuno militar gisa (Filipos, 42). Errepublikaren armadak hondoa jo eta, ihes egin behar izan zuen. Oktavianoren amnistia politikoarekin Erromara itzuli zen (41 inguru), eta aitak utzitako ondasunak konfiskatuak izan baitziren, kontuemaile gisa lan egin behar izan zuen administrazioan. Esperientzia mingots horren edo Siron napolitarraren irakatsien eraginez, Epikuroren dotrinarekin bat eginda, gizarte bizitzatik at bizi izan zen aldi hartan. K.a. 33an Mezenas ahaltsuak landetxe bat erregalatu zion Tibur-en: babesleku hartan idatzi zuen izadiaren eta aisiaren oihartzuna dakarren olerki anitz, eta maiz asko bertara erretiratzen zen hiriko nahasmenetik ihesi. Mezenasen bidez Oktavio ezagutu zuen, eta idazkari gisa eraman nahi izan zuen, baina poetak ezezkoa eman zion bere bizimodu lasaitik urrutiratuko zuelakoan. K.a. 8an, Mezenas hil eta zenbait hilabetera zendu zen Horazio, eta Augustoren aginduz lagunaren ondoan lurperatu zuten. v Horazioren lehen obrak Satirak (Satirae edo Sermones) eta Epodoak (Epodon Liber) K.a. 40 eta 30 urte bitartean argitaratu ziren. Epodoak izenekoan garai hartako gorabeherak eta poetaren ezinegona islatzen dira. Satiretan, ordea, Luzilioren gaiak erabili zituen berriro: garai hartako ohiturei buruzko gogarteak eta moralaren arazoak, baina eguneroko bizitzaren zertzeladez zipriztinduak eta barrerako beti prest agertzen zela. Odak (Carmina), K.a. 23tik 13ra argitaratuak, Epodoak-ekin batera, latinoen lirikaren maisu lanak dira. Obra konplexu horretan, formaren perfekzioa helburu duela, Safo, Alkeo edo Pindaro greziarren molde lirikoak sartzen ditu literatura latinoan. Bigarren pertsonan idatzitakoak dira eta gaiei dagokienez, bizitzaren ezdeusa, heriotza, amodioa eta edertasun poetikoa dira gogapenerako bide, betiere ironia eta autokritikaz beteak. Amodioa eta unean unekoaz gozatzeko gonbitea (carpe diem) dira Horazioren lirikaren gunea. Gutunak (Epistulae) biltzen dituzten bi liburuetan eta Ad Pisones edo Arte Poetikoa (Ars poetica) ere deituan, bere buruarekiko elkarrizketa bildua isuri eta epikureismoaren azalpena egiten du. Liburu horietan literatura latinoa ere eztabaidagai da. Augustoren eskariz, Carmen saeculare kantu aberkoia ondu zuen (K.a. 17). v Virgiliorekin batean poesia latinoaren buru, klasizismoaren eredutzat hartua izan zen eta oso irakurria antzinatearen amaiera arte. Horazioren zorroztasuna, oreka eta perfekzio nahia direla eta, Errenazimentuan haren poesia Europako herrialde guztietan izan zen ezaguna.