Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

homo

iz. Zool. Orain dela bi milioi urtez gero bizi izan diren giza antzekoen eta orain bizi den gizonaren genero izena. Lau garapen maila bereizten dira, gaur arte aurkitu diren aztarnen arabera. Zituzten trebeziak edo aurkitu izan diren lekuaren arabera eman zaio homo bakoitzari izena. v Homo habilis. Orain dela bi milioi urtetik milioi t’erdi urtera bitartean bizi izan zen. Hominido edo giza antzeko mota bat baino gehiago bizi izan zen garai hartan Afrikako ekialdean. Etiopian, Kenyan eta Tanzanian aurkitu dira haien aztarnak, baina, itxura denez, Hegoafrikan eta Asiako hego-ekialdean ere bizi ziren. Txikia (1,2-1,5 m garai) baina oso azkarra zen, eta ez zuen australopitekoak bezain aurrera irtena masail hezurra. Hark baino bolumen handiagoko burmuina zuen (800 cm3 inguru), eta gai zen zenbait tresna sortzeko. v Homo erectus. Zutik ibiltzeko gai zena. Orain dela 1,6 milioi urtetik 200.000 urtera bitartean bizi izan zena. Afrikan (Tanzanian, Hegoafrikan eta Aljerian), Europan (Alemanian, Espainian, Frantzian, Grezian eta Hungarian) eta Asian (Jaban eta Txinan) aurkitu dira haren aztarnak. Gaur egungo gizonaren antz handia zuela uste da, tamainaz txikiagoa bazen ere (1,6 m inguru). Burmuina 950-1.200 cm3 inguru bolumenekoa zuen; masail hezurretan eta bekainetan, berriz, tximinoen antz handiagoa zuen. Gai zen lantzak, aiztoak eta beste hainbat tresna zurez, harriz nahiz hezurrez egiteko. Sua janaria prestatzeko erabili izanaren aztarnak ere aurkitu dira. v Homo sapiens. Hominidoen familiako Homo generoko espeziea, gizon modernoaren aitzindaritzat hartua. Duela 400 bat mila urtekoak dira aurkitu diren homo sapiens-aren aztarna zaharrenak. Berezitasun asko ditu aurreko hominidoekin, bai gorputzari dagokionez eta baita ohiturei eta bizimoduari dagokienez ere; gaur egungo gizonaren antzeko itxura zuen; bi zangoen gainean egon eta ibiltzeko gauza zen, garuna 1.350 cm3-koa zuen, hortzak txikiak, eta burua aurreko hominidoak baino biribilagoa. Komunikatzeko hizkuntza erabiltzen hasi zen lehenengo hominidoa da. Oso teknika aurreratua erabili zuen; harrizko eta hezurrezko tresna bereziak egiten zituen, ehizarako teknika berriak asmatu zituen, etab. v Neanderthal-eko gizona (Homo neanderthalensis). Alemaniako Neander ibaiaren inguruan 1856an aurkitu ziren hezurdurengatik eman zitzaion izen hori. Gibraltarren, Afrikako iparraldean, Ekialde Hurbilean eta Asiako erdialdean ere aurkitu dira geroztik haren fosilak. 250.000 urtetik 30.000 urte ingurura bitartekoak dira. Pleistozeno garaiko azken izotzaldiaren ondorenean izan bide zuen zabalkunderik handiena. 1,7 m inguru garai zen, gorputzez trinkoa, sudur zapala eta bekainalde sendoak zituena. Gaur egungo gizonak baino bolumen handiagoko burmuina zuen, 1.400 cm3-koa. Modu askotako tresneria erabiltzen zuen eta erlijio erritu batzuk ere bazituen bere ohituren artean; besteak beste, hilei lur ematekoa eta harpetako hartza gurtzekoa. v Cro-Magnongo gizona (Homo sapiens “Cro-Magnon”). Pleistozeno garaiaren bukaera aldetik gaur artekoa, orain dela 35.000 urtez geroztik mundu guztian zabaldu dena. Frantziako erdialdean eta beste hainbat lekutan aurkitu diren marrazkiek erakusten dutenez, hasierako garai hartatik oso jakintza zabaleko gizona zen. Tribuetan bizi zen, landare gaiak gordetzen ikasia zen, baina ehizatik eta arrantzatik bizi zen nagusiki. Dirudienez, azienda zaintzen, aterbeak eraikitzen eta jantziak egiten ere ikasia zen. Orain dela 10.000 urte inguru hasi zen animaliak hezten eta lurra eta landareak lantzen.