Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hispania

Erromatarrek Iberiar Penintsulari eman zioten izena. Kartagotarrak garaitu (K.a. 206) eta iberiar herrien erresistentzia zapaldu ondoren (K.a. 197), pretore bana buru zuten bi probintzietan banatu zuten: Hispania Citerior eta Hispania Ulterior (lehenak Ebro ibaiaren harana eta kostaldea hartzen zituen, eta bigarrenak, berriz, Betica deituriko lurraldea). Barne aldeko konkista aurrera joan ahala, probintzia horiek zabalduz joan ziren. Augustoren garaian (K.a. 19), penintsula osoa erromatarren mende zegoela, hiru probintzietan banatu zen: Tarraconensis, Betica eta Lusitania. Klaudio enperadore zela, hiru probintzien barruan administrazio esparru txikiagoak sortu ziren, komentu juridiko deiturikoak. Karakalarekin (214 inguruan) laugarren probintzia bat sortu zen: Hispania Nova Citerior Antoniana, egungo Asturias eta Galizia hartzen zituena. Dioclezianorekin (286-293) lehengo Tarraconensis probintziatik bi berri sortu ziren: Tarraconensis eta Cartaginensis. Horrez gainera, Ipar Afrikako Mauritania Tingitana gehitu zitzaion Hispaniari. Geroago (400 inguruan), Balearica deituriko zazpigarren probintzia bildu zitzaion. Behe Inperioaren eraketan, Hispaniako probintzia guztiak Galiako prefeturaren mende zeuden.