Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hirigintza

iz. Hiri plangintza, hiriak biztanleen beharretara egokitzeko bideen multzoa.
Hiriak osatuz, jende kopuru handiak eremu txikietan biltzea. Hiria zer den esateko demografia irizpideak erabiltzen dira gehienetan. Nazio Batuen arabera 20.000 biztanletik gorakoak dira hiriak; baina herrialde bakoitzak bere erara zehazten ditu. XIX. mendean industriaren iraultzak areagotu egin zuen hirigintzaren garapena. XX. mendean hiri gehienen inguruan aldiriak sortu ziren, askotan jende behartsuentzat, aberatsak hiriguneetan bizi baitziren. ■ Biztanlegune bat hiri bihurtzea; demografiaren ikuspegitik, biztanleak herri inguruneetatik hiri inguruneetara aldatzea. ■ XX. mendearen erdian, herrialde aurreratuetako biztanleen erdia hirietan bizi zen, eta garatze bidean diren herrialdeetan, biztanleen % 15. XXI. mendearen hasieran, hauek dira munduko hiri handienak: Mexikoko hiria (31 milioi), Sao Paulo (26 milioi), Tokio (24 milioi), New York (23 milioi). Azken urteotako hirigintzaren joera tipiko bat eskualde urbanizatu handiak sortzea izan da, Estatu Batuetako ipar-mendebaldeko kosta, esaterako. Hirigintza kontzeptuak aldaketa eta gorabehera handiak izan ditu. XX. mendean hiriko bizimodua gailendu da, eta arazoak sortzen ari dira neurririk gabeko hirigintzagatik. Horregatik, egun, hirigintza proiektuak diziplina artekoak dira, eta besteak beste arkitekto, geografo eta ekologoek hartzen dute parte. ■ Hirigintza XX. mendean. Nazio anglo-saxoiek ere berdintsu erantzun zioten hirietako bizi baldintzak hobetzeko beharrari. Hasteko, osasun baldintzak eta etxebizitzetako dentsitatea erregulatu zituzten. Orduan sortu zen jarrera orokorrago eta epe luzeko baten aldeko mugimendua, hiri modernoak baldintzatzen zituzten indar guztiak aztertu eta kontrolatuko zituen hirigintza prozesu baten aldekoa. XX. mendearen hasieran garrantzi handiko neurriak hartu ziren hirigintza printzipioen araberako legeak formalizatzeko. 1909an Britainia Handian onartu zen Hirigintza Legeak, baimena ematen zien tokian tokiko agintariei hirien zabalkundea kontrolatzeko programak prestatzeko. Urte hartan bertan, Estatu Batuetan, Hirigintzaren Lehen Biltzar Nazionala egin zen. 1930. urte ondoko depresio ekonomikoan, herrialde eta eskualdeetako gobernuek arreta berezia jarri zuten hiri plangintzan. Eskualde behartsuenen ekonomia suspertzeko, Britainia Handiak komisario berezi batzuk izendatu zituen, eta ahal handiak eman zizkien. Europako herrialde askotan etxebizitza proiektu handiak gauzatu ziren. Estatu Batuetan, Franklin Delano Roosevelt lehendakariak, New Deal programan, Herri Lanetarako Bulego bat zabaldu zuen inbertsioak aztertzeko, Plangintza Nazionaleko Batzorde bat epe luzeko garapena koordinatzeko, eta berdegunez inguratutako hiru hiriren sorrera ekarri zuen programa bat. Espainian ere, Bigarren Errepublikan, 1931. urtetik aurrera, hiriak berritzeko zenbait plagintza sustatu ziren. ■ Bigarren Mundu Gerraren ondoko berreraikuntzak bultzada handia eman zion hirigintzari. 1947an, Britainia Handian, Hirien eta Probintzien Plangintzarako Legea onartu zen. Legeak hiri berrien eraikuntza sustatzen zuen, eta eskualdeen kontrolpean uzten zituen garapenari buruzko arazo guztiak. XX. mendearen hasieran, Ebenezer Howard urbanista zen hiri berrien aitzindari nagusia. Letcworth eta Welwynen hiriak, haren arabera eraikiak, hiri beregain gisa diseinatu ziren, hiri inbasioaren babesgarri ziren berdegune eta lursailez inguraturik. 1950 eta 1960ko hamarraldietan, britainiar new town-en (hiri berrien) zabalkundeak bultzada handia jaso zuen, gobernuaren politikaren helburu bihurtu zenetik. Herri asko eraiki ziren berritik, Londresen inguruan batez ere. Europako beste herrialde batzuetan ere garrantzi handiko lanak egin ziren hiriak berreraikitzeko, Rotterdamen, Hanburgon eta Helsinkin, besteak beste. Gainera, hiri berriak eraiki ziren: Tapiola (Finlandia), Melun Senart (Parisko aldirietan). Bestalde, europar hiri berriek beste hiri batzuen eraikuntza bultzatu zuten munduko beste alderdi batzuetan: Brasilia (Brasilen), Ashdod (Israelen). Brasilia, Brasileko hiriburu berria, Oscar Niemeyer-en zuzendaritzapean eriki zen. Hiriko eraikin publiko nagusiak Lucio Costa arkitektoaren planoen arabera egin ziren, eta 1960an inauguratu zen. Hiriak lurrean zabaldutako arku eta gezi baten itxura du (edo hegazkin edo txori batena). Hegalak bizitoki auzoak dira eta gezia, ekialdetik mendebaldera luzatzen dena, hiriaren ardatz nagusia. Hiriko eraikin aipagarrienak Hiru Botereen plaza, Egunsentiaren Jauregia eta katedrala dira. ■ 1960ko hamarraldiaren bukaeran urbanismoa itxura fisikoaz harago joan zen. Bere forma modernoan, urbanismoa prozesu jarraitu bat da, diseinuaz ez ezik araudi sozial, ekonomiko eta politikoaz ere arduratzen dena. Gizakien antolakuntzaren ardatz gisa, hiri batek egitura konplexua du. Batetik, auzo, industria eta saltokiak irizpide estetiko eta funtzionalen arabera antolatu behar ditu, eta haiek behar dituzten zerbitzu publikoak eskaini. Bestetik, eta are inportanteagoa beharbada, kontuan hartu behar ditu hurrengo puntuok: 1) bertako biztanleen jatorria, heziketa, lana eta asmoak; 2) dagokien sistema ekonomiko orokorraren funtzionamendua, sistema horretan dituzten karguak, eta karguoi dagozkien sariak; eta 3) beren eguneroko bizitzari dagozkien erabakietan parte hartzeko gaitasuna. Ikuspegi horretatik ikusita, hiriaren plangintza fisikoa prestatu eta aplikatzeko gauza den espezialista bat baino zerbait gehiago eskatzen du hirigintzak. Gaitasun eta aktibitate orokorragoak ere behar dira: 1) hiriari eta hiriko biztanleei buruzko datuen bilketa eta azterketa; 2) zerbitzu sozialen premia ote dagoen eta haiek eskumenean diren aztertzea; 3) zerbitzuok behar bezala aseko dituzten programen garapena, ebaluazioa, koordinazioa eta administrazioa; 4) ekonomiaren garapen eta etxebizitza programak; eta horren barruan, plangintzak egiteaz gainera, finantza neurriak hartzea eta garapen programak aplikatzea, elkarte publiko eta pribatuak eta beste organizazio mota batzuk sor daitezen; 5) jarduera politikoaren eta herritarren parte hartzearen erabilera eraginkorra, garapen programak eragin eta laguntzeko.