Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hip-hop

iz. 1970eko hamarraldiaren erdialdean New Yorken sortu zen dantza mota. ■ 1997ko apirilean Parisko La Villetteko azoka handiak eta Dantzaren Gaur Egungo Antzokiak hiriko dantzen topaketa nazionala antolatu zuten lehenengo aldiz. Berrogeita hamar bat talde aritu ziren, amateurrak eta profesionalak, Parisko aldirietatik eta inguruko beste hainbat herritatik joanak. Dantzaren eta, are gehiago, ikuskizunetako profesionalen esanetan, han ikusi eta entzun ahal izan zena ez zen soilik auzoetako kultura exotikoaren ezaugarri. Hizkuntza aberastasuna, eta ikusleekiko harreman zuzenaren indarra izugarria zirela adierazi zuten. Topaketa nazional haien ondoren, bertara aurkeztutako taldeek indar handia hartu zuten. Baina eztabaida ere handia izan zen: batzuen iritziz hirietako gazteen arazoak ezkutatzeko modua besterik ez zen hura; beste batzuek, berriz, ez zuten onartzen hura arte adierazpena zenik, eta gizartearen adierazpentzat hartu behar zela zioten. Eztabaidak eztabaida, higikunde hartako protagonistek lanean jarraitu zuten musika sortzen, Frantzian batez ere. Kulturako ministroak talde haiei diru laguntzak ematea erabaki zuen. Hip-hop dantzaren higikundea gaztea bada ere, asko aberasten ari da beste estilo eta jarduerekin bat eginik. Hip-hoparen lehenengo izena break dance edo break izan zen, eta New Yorken sortu zen, Bronx auzoan, 1970eko hamarraldiaren erdialdean. Break hitzak bateria beste ezer entzuten ez den musika atala adierazten du, eta to break aditzak, berriz, dantza mota horretan erabiltzen diren zenbait mugimendu adierazten ditu. Beltz amerikarren hizkuntzan to hop-ek dantzatu esan nahi du, hip, berriz, hep hitzetik eratorria da, eta aske du esannahia. Horixe da higikunde honen izpiritua: aska zaitez, izan zaitez zeure bizitzaren erantzule eta errespeta itzazu gainerakoak.