Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hiperaktibitate

iz. Psik. Arreta ezarekin eta ikasteko eragozpenekin zerikusia duen arazoa, batez ere haur eta gazteen artean, eta inoiz helduen artean ere, gertatzen dena. Arreta ezaren arazoa hamar aldiz handiagoa da mutilen artean nesken artean baino. Haur hiperaktiboek ikasteko arazoak eta portaera arazoak izaten dituzte, baina haatik, adimen normala dute, edo normala baino handiagoa. Pertsona baten hiperaktibitatea, arina edo larria izan daitekeena, salatzen duten sintoma arruntenak hauek dira: arreta luzaro mantentzeko ezintasuna, oldartsua izatea, zer egingo duen edo nola jokatuko duen aurretik ezin jakina, eta oso aktiboa izatea. Inoiz, ikusmena, hizkuntza, memoria eta mugitzeko ahalmena blokeatzea ere gerta daiteke. Estimulazioa handiegia denean, arreta jartzeko arazoak dituzten pertsona batzuek eraso egiteko eta suntsitzeko joera izaten dute. Hiperaktibitatearen sendabidea medikuntza arazo espezifikoak eta hezkuntza arazoak tratatzea izaten da. Kasu batzuetan sendagaiak erabili behar izaten dira.