Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hezetasun

iz. Heze denaren edo dagoenaren nolakotasuna. v Fis. Gorputz batek itsatsia duen ura, lurrunduz gero airearekin nahasten dena. v Meteor. Airean dagoen ur lurrun kopurua, itsasoetako, ibaietako eta aintziretako uretatik sortzen dena. Eguratsaren ezaugarririk aldakorrena da, eta eguraldiaren eta klimaren osagai nagusietakoa. Aireko hezetasunak tenperatura aldarazten du, Lurreko eta Eguzkiko irradak bereganatzen baititu. Eguratsean zenbat eta lurrun kopuru handiagoa izan, orduan eta ekaitza sortzeko energia handiagoa izaten da. Aireak har dezakeen lurrun kopurua ez da bera leku eta une guztietan, tenperaturaren arabera aldatu egiten baita (30 °C-an aireak % 4-ko lurruna izan dezake, baina -40 °C-an ezin du % 2-tik gora lurrun izan). Aire bolumen batek tenperatura jakin batean har dezakeen lurrun guztia duenean, airea asea dela esaten da. Ase gabe dagoen airea hiru modutan asetzen da: ura lurrundu eta airera joanik, tenperatura desberdina duten bi aire masa nahasturik, eta ohikoena, airea hozturik, lurrunari eusteko ahalmena galdu egiten baitu hala. Airea asea denean, laino edo hodei bilakatzen da lurruna. Airea hozten jarraitzen bada, euria, elurra, kazkabarra… egiten du. v Hezetasun erlatiboa. Airean tenperatura jakin batean dagoen lurrunak aireak tenperatura horretan har dezakeen gehienezko lurrun mailarekiko duen erlazioa. Ongi bereizi beharrekoak dira airearen hezetasun erlatiboa eta airearen hezetasun absolutua. Saharako eta Mexikoko basamortuetan aireak lurrun (ikusten ez den lurruna) asko du; baina tenperaturak oso garaiak direnez gero, hezetasun erlatiboa oso apala da. Aldiz, latitude garaietan tenperatura hotza izaten denez gero, airea askotan asea egoten da (hezetasun erlatibo garaia), nahiz eta airean dagoen lurruna gutxi izan.