Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heym, Stefan

(Jaiotza izena, Hellmuth Fliegel). Alemaniar idazlea (Chemnitz, 1913 - Ein Bokek, Israel, 2001). Filologia eta kazetaritza ikasketak egin zituen, Berlinen. 1933an Txekoslovakiara joan zen, eta 1937an Estatu Batuetara. Han faxismoaren aurkako aldizkari bateko erredakzio buru izan zen. Gero Estatu Batuetako gudarostean sartu zen, baina bota egin zuten, bere ideia marxistengatik. 1952an, Estatu Batuetatik joan zen, Koreako gerragatik protesta egiteko, eta Alemaniara itzuli zen, Berlinera. Ordurako ospe handiko idazlea zen, bere eleberri sozialengatik –Der Fall Glasenapp (1942, Glasenapp auzia), Kreuzfahrer von heute (1948, Egungo gurutzatuak)–. Bere eleberrietako gai nagusia gizabanakoaren autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka da, eta gizabanakoaren eta estatuaren boterearen arteko gatazka Alemaniako faxismoan, Estatu Batuetako kapitalismoan, eta Alemaniako Errepublika Demokratikoko sozialismoan. Horregatik, bere eleberriek gertaera errealak islatzen dituzte: Glasenapp auzia obrak faxismoaren mendeko 1941eko Praga erakusten du; Egungo gurutzatuak eleberriak, berriz, Estatu Batuetako gudarostearen parte-hartzea Bigarren Mundu Gerran; Golsborough (1953) liburuan Estatu Batuetako meatzarien 1950eko greba du kontagai. Beste lan batzuk: Die Papiere des Andreas Lenz (1963, Andreas Lenz-en paperak); Der König David Bericht (1972, David erregearen txostena); Collin (1979); Ahasver (1981). 1992an Filz. Gedanken über das neueste Deutschland (Filz. Alemania berriari buruzko gogoetak), argitaratu zuen, Alemaniaren batasunaren aurka protesta egiteko. Berlingo Harresia eraitsi zutenean, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen, eta 1994an aulki bat lortu zuen Legebiltzarrean.