Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herriot, Edouard

Frantses politikaria (Troyes, 1872 - Sain-Genis-Laval, Rhône, 1957). Literatura irakaslea Lyon-go institutuan (1896), eta hiri hartako alkate (1905). Dreyfus auziaren garaian Parti Radical-eko kide egin zen. 1919-1957 bitartean alderdi horretako buru izan zen. Senataria (1912-1919), diputatua (1919-1940), Lan Arazoetako ministroa (1916-1917). Ezkerreko alderdien Cartel-aren eragileetariko bat izan zen 1924ko hauteskundeetan. Ezkerrekoak garaile izan zirelarik, gobernuburu izendatu zuten, eta aldi berean Kanpo arazoetarako ministro (1924-1925). Gero Irakaskuntzako ministro izan zen (1926-1928), eta Kontseiluko lehendakari (1932) eta Estatuko ministroa (1934-1936). Herri Fronteak gobernua iritsi zuelarik, Diputatu Ganberako lehendakari izendatu zuten (1936-1940). Pétain-en alde agertu zen hasieran, baina gero harengandik aldendu zen. Alemaniara erbesteratu zuten (1944-1945). Batzar Nazionaleko lehendakari ere izan zen (1947-1954). Kritika obra batzuk idatzi zituen: Madame Récamier et ses amis (1904); La Vie de Beethoven (1929); Lyon n’est plus (1939-1940).