Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herrán Tejada, Fermín

Arabako idazle liberal foruzalea (Añana, 1852 - Bilbo, 1908). Zuzenbideko ikasketak egin bazituen ere ez zen abokatu lanetan aritu eta idazten hasi zen gaztetan. Foruen deuseztatzeak (1876) eragin handia izan zuen Herránengan eta foruen aldeko lanetan hasi zen handik aurrera. 1878. urtean Revista de las Provincias Eúskaras agerkaria sortu zuen Gasteizen. Urte berean Biografía de don Mateo de Moraza liburua eman zuen argitara eta hurrengo urtean bibliografia artikuluz osaturiko bilduma bat plazaratu zuen Estudios izenburupean. 1880an Echegaray, su tiempo y su teatro argitaratu zuen eta 1888. urtean Apuntes para una historia del teatro español antiguo. 1896an Biblioteca Vascongada sortu zuen Bilbon (6 urteetan 60 liburu plazaratu zuen eta foruen alde azaldu zen haietan). Harenak dira, halaber, Aplausos y censuras (1898), Bilbao Contemporáneo (amaitu gabea) eta Compendio de la Historia de Bizcaya (1903) obrak. Idazle eta hizlari bikaina izan zen.