Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hemingway, Ernest Miller

Estatu Batuetako idazlea (Oak Park, Illinois, 1899 - Ketchum, Idaho, 1961). Ikasketak amaitu ondoren kazetari lanetan hasi zen Kansas Cityn (1917) eta ondoko urtean Gurutze Gorriko borondatezko gisa esku hartu zuen Lehen Mundu Gerran. Italian zauriturik (1919), kazetaritzan jardun zuen AEBetan. Parisen Gertrude Stein eta Ezra Pound ezagutu eta haien babespean hasi zen literatura lanetan. Aipaturiko idazle horien eraginaz gain, Hemingwayren estiloan AEBetako bizimoldeaz arduraturiko idazleen aztarna (Mark Twain, Sherwood Anderson), baita Europako XIX. mendekoen ukitua, (Stendhal, Flaubert, Conrad, Turgenev, Tolstoi) nabari da. 1925ean argitaraturiko In Our Time (Gure garaian) liburuan ipuin laburrak bildu zituen. Zezenketaren mitoak erakarrita, amerikar batzuen Paristik Iruñerako bidaia kontatzen duen The Sun Also Rises (1926, Eguzkia ere ateratzen da) eleberriarekin irakurleriaren behin betiko onespena jaso zuen. 1929an argitaraturiko A Farewell to Arms (Agur armak, agur) obra gerrako oroitzapenez betea ageri da. Heriotza arratsaldean (1932, Death in the Afternoon) izenburuko saioan tauromakia gaia erabili zuen berriro. Hemingwayren beste zenbait obra nagusi: Green Hills of Africa (1935, Afrikako muino berdeak) erreportaia; The Snows of Kilimanjaro (1936, Kilimanjaroko elurra, Javi Cillerok euskaratua) ipuin laburrak; The Short Happy Life of Francis Macomber (1936, Francis Macomberen bizitza labur zoriontsua) eleberria, To Have and Have Not (1937, Ukan eta ez ukan) eleberria, The First Fortynine Stories (1938, Lehen berrogeita bederatzi ipuinak), The Fifth Column (1938, Bosgarren zutabea), antzerki lana eta For Whom the Bell Tolls (1940, Noren hil-ezkilak?) eleberri ezaguna, Across the River and into the Trees (1950, Ibaiaren beste aldean eta zuhaitzen artean), The Old Man and the Sea (Agurea eta itsasoa, A. Goenagak eta J.M Iturraldek euskaratua). Depresioak jota, bere buruaz beste egin zuen 1961n. Hil ondoren haren beste zenbait obra argitaratu ziren: A Moveable feast (1964, Jai mugikorra); Islands in the stream (1970, Uharteak itsaslasterrean). v Kazetaritzak zerikusi handia du Hemingwayren idazmolde zuzen, lau eta adierazkorrean. Hitzaren bilaketa zorrotz horren bidez objektibitatea lortzen saiatzen da: portaerak deskribatzen ditu baina ez protagonisten burutazioak. Egungo eleberrigintzaren maisuen artean kokatu ohi dute kritikariek. Heriotzari “erabateko ziurtasun bakar” horri aurre egiten jarri ohi ditu Hemingwayk bere pertsonaiak, bortxa eta arrisku txarreko egoeretan (ehiza, boxeoa, arrantza, zezenketa, gerra). v 1954an Literaturako Nobel saria jaso zuen.