Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heckmann, Herbert

Alemaniar idazlea (Frankfurt, 1930 - Bad Vilbel, 1999). Aleman filologia eta filosofiako ikasketak egin zituen Frankfurten. Unibertsitate laguntzaile izan zen Münster-een eta Heidelbergen, eta irakasle gonbidatua Evanstoneko Unibertsitatean (Illinois), 1965 eta 1967 bitartean. 1977az geroztik Darmstadt-eko Hizkuntza eta Literatura Akademiako kide izan zen. Hitz lauzko lanez gainera, konposizio lirikoak eta haurrentzako ipuinak idatzi zituen, eta baita irrati eta telebistarako gidoiak ere. Oso gazterik eman zen ezagutzera, Das Portrait (1958, Erretratua) kontakizunarekin –Kafkaren estiloa gogorazten duen parabola sorta bat– eta Benjamin und seine Väter (1962, Benjamin eta bere gurasoak) eleberri ironikoarekin. Eleberri horretan, Benjamin sasikumearen, bere amaren eta aitaordearen bizitza kontatzen da, Weimarko Errepublikaren garaian, eta Benjaminen ibilerak bere benetako aitaren bila, harik eta Parisen aurkitzen duen arte, pailazo pobre batekin. Haurrentzako liburuei –Geschichten vom Löffelchen (1970, Koilaratxoaren historiak) jendeak eta kritikariek oso harrera ona egin zieten bezala, hitz lauzko lanek, berriz, ez zuten halako arrakastarik izan. Aipagarrienak Schwarze Geschichten (1964, Historia beltzak) eta Der große Knock-out in sieben Runden (1972, KO zazpi borrokalditan) dira.