Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Harrod, sir Henry Roy Forbes

Britainiar ekonomista (Londres, 1900 - Holt, 1978). Ekonomia kapitalisten epe luzeko hazkundearen azterketa bat egin zuen. Ekonomia dinamiko baterantz (1948) lanean Harrodek oreka ekonomikoaren egoera azaldu zuen: aurrezki eta inbertsio berdintasuna. Harroden iritziz, hala ere, inbertsioa errenta nazionalaren hazkundearekin lotuta dago, eta aurrezkia, berriz, errenta nazionalaren mende dago. Harrodek zioen, bestalde, enpresaburuek erabakitzen dituztela errenta nazionalaren hazkunde tasak, inbertsioarekin eta aurrezkiarekin zerikusi zuzena duten erabakiak edozein direla ere. Bestalde, ekonomia zuzendu egin behar da, ezin utz daiteke bera bakarrik. Harroden aburuz, botere publikoen parte-hartzerik gabeko hazkunde ekonomikoa koiunturaren araberako gorabehera segida bat izango da. Harroden teoria hainbat ekonomistek jarri zuten zalantzan, Solow edo Domarrek besteak beste, haiek bestelako hazkunde eredu batzuk landu baitzituzten.