Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Harriet, Maurice

Lapurtar idazlea (Haltsu, 1814 - Haltsu, 1904). Martin Harrieten iloba (Martin Harrieten Pierre seme gaztearen semea). Zazpi haurridetan bosgarrena, Maurice, bere anaia Fabien bezala, apaiza izan zen. Mauricek lehenik Larresoron eta gero jesuitek Pasaian zuten ikastetxean egin zituen ikasketak. Ondoren, 1839 ezkero, Parisko Saint-Sulpice apaizgaitegian izan zen. Apaiztu bitartean eta ondoren irakaskuntzan aritu zen, oratoriarrek Juilly-n, Paristik hurbil, zuten ikastetxean. Gero, anaia Fabienekin batera, Baionara joan zen, biek sorturiko Institution Saint-Léon ikastetxean lan egitera. Azkenean, Baionako apaizgaitegi handira joan, eta han zientzia irakasle eta zuzendari izan zen. Hizlari gisa ospe handia zuen orduko, euskaraz eta frantsesez. Artikulu bat ere idatzi zuen Bossuet-en gainean: “Jusqu’à quel point et pourqoi Bossuet a adopté le système thomiste” (eskuizkribua). Euskaltzaleen munduan ere ezaguna zen. Lehen Lore Jokoak hark antolatu zituen, D’Abbadieren aginduz, 1853an, Urruñan. 1858an Madrila joan zen, eta bertako San Luis de los Franceses eliza, eskola eta erietxeko buru izan zen. 1874 arte egon zen han. Haltsura itzuli, eta bertan hil zen 1904an. Gaztetandik izan zuen euskal hiztegi oro hartzaile bat egiteko asmoa. Madrilen material asko bildu zuen, eta beste hiztegigile batekin, Aizkibelekin, adiskidetasun estua izan zuen. Hiztegia bukatu bazuen ere, ez zuen argitara eman. Euskara-frantses hiztegia da. Jatorrizkoa oso mardula da: 3.536 orrialde ditu. Lekukoak oso ugari dira. Eskuizkribu asko ere kontuan hartu zituen Harrietek. Hala ere, hiztegiaren balioa, lekuko idatziei dagokionez, arrunt apaltzen da, Harrietek perpaus eta hitz asko aldatu baitzituen, gehienetan garbizalekeriazko irizpideari amore emanik. Hiztegia argitaratu gabea bada ere, erabili izan da. Azkuek, adibidez, ezagutu zuen, eta bere eranskinean, batez ere, hitz asko jaso zituen. Halaber, Orotariko Euskal Hiztegia-n kontuan hartu da Maurice Harrieten hiztegia. Endrike Knörr-ek tesia egin zuen hiztegiaren gainean, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean (Para una edición crítica del diccionario de Maurice Harriet, argitaratu gabea, Gasteiz 1987). Aipatu behar da, azkenik, Harrietek Haranederren Testamentu Berria argitaratu zuela 1855ean, baina lau ebanjelioak soilik, batetik, eta testuan aldaketa anitz eginik, garbizalekeriagatik gehienak. Patxi Altunak paratua, 1990ean argitaratu zen Haranederren jatorrizko testua (nahiz titulu okerrez: Jesu Christoren Evangelio Saindua, Testamentu Berri osoa baita, hots, apostoluen egintzak eta gutunak eta San Joanen Apokalipsia barne).