Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

harri

iz. Mea materia gogorra, lurraren azalean masa gotorretan aurkitzen dena. ◊ Gai hori, eraikuntzan eta, erabilia. ◊ Harrizko zatia. || Gai horren mota berezia. || Gai horren zatia, ez oso handia, norberak eraman, bota… dezakeena. || Gai horren zatia, erabilera bereziren bat duena. || Hed. Harrizko bihotza. || Harri(-)erauntsi. Harriabarra. || Harri eta belarri, harri eta zur. Guztiz harrituta. || Harri(-)koskor. Harri alea. || Harri(-)meta. Harri pila. || Harri(-)min. Giltzurrunetako gaitza, harriak sortzen direna. || Harri preziatu. Harribitxia. || Harri(-)ukaldi. Harrikada. || Harri xehe. Harri ale txikia. || Harri zabal. Harrizko lauza. v Geol. Lurrazaleko geologiazko osagaia, mineral batez edo gehiagoz osatua dagoena eta ezaugarri bereziak eta iraunkorrak dituena. Harri gehienak solidoak dira. Petrolioa harri berezia da alde horretatik, isurkaria delako. Harriak silizez (kuartzoa), silikatoz (feldespatoak, mikak, piroxenoak..) eta karbonatoz (kare-haitza, dolomia..) daude osatuak, batez ere, eta jatorriaren arabera hiru multzotan sailka daitezke: 1) Harri sedimentarioak: harkaitzetatik erauzi ondoren, haizeak edo urak garraiatu eta itsasoan hondoratu diren ekaiez eratutako harriak (harearriak, buztinak, konglomeratuak..); itsasoetako urak lurruntzean, bertan urtuta zeuden gatzak jaulkitzean eratutako harriak (gatz arrunta, igeltsua, kare-haitza..); landare eta animalia hilak pilatzean eta eraldatzean eratutako harri organikoak (petrolioa eta ikatza). 2) Harri metamorfikoak: geosinklinalen hondoetan presio eta tenperatura handien eragina edo hurbileko magmena jasatean beren egituran eta osaera kimikoan aldaketak izan dituzten harriak dira. Harri metamorfiko ezagunenak arbelak, eskistoak, gneisak, kuartzitak eta marmolak dira. 3) Harri magmatikoak: magma edo laba hoztean eta solido bihurtzean eratzen diren harriak. Hozte hori Lurraren barruan edo kanpoaldean gerta daiteke, eta era horretara hainbat harri mota sortzen dira. Harri magmatikoen osagai nagusiak eta ia bakarrak kuartzoa eta silikatoak dira. Lehenengoa litosferako mineralik ugariena da eta haren osaeraren % 60ra iristen da. Harri magmatikoen osaeran parte hartzen duten mineral ezagun batzuk hauek dira: mikak, piroxenoak eta feldespatoak. v Harri bitxia. Miner. Bere ezaugarri bereziengatik oso baliozkoa dena. ik. harbitxi. Harri bitxi gehienak mea gaiak dira (diamantea, esmeralda, errubia, zafiroa, topazioa, turkesa…), baina badira animalietatik eratorriak (korala, anbarra, perla…). Diamanteak dira aintzat hartuenak; horiak edo urdinxkak izan daitezke. Diamantearekin batera, errubia, esmeralda eta zafiroa bitxiak egiteko erabiltzen dira, eta orobat topazioa eta zirkonioa ere. Harri bitxitzat hartzen dira amatista, granatea, opaloa, aguamarina, jadea, etab. v Harri preziatua. ik. harri bitxi. v Filosofoen harria. Fil. Alkimisten artean, metal guztiak urre edo zilar bihurtzeko ahalmena zuela uste zen harria. Alkimistek ahalegin handiak egin zituzten horrelako harriaren bila. ■ Harri bizia. Lurrik ez duen harri edo haitza; distiratzen duen harria, harribitxia. v Biol. Azioazea familiako landareek hartzen duten izen arrunta; harri loredun ere esaten zaie. Zurtoinik gabeak dira eta hostoak, berriz, lurpean izaten dituzte, puntak izan ezik. Nahiz eta jatorriz Hegoafrikakoak izan, mundu osoan landatzen dira, landare bitxi gisa.