Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hamad ibn Khalifa al-Thani, Sheik

Qatartar emirra (Doha, 1950). Bere aita, Qatarko emir Sheik Khalifa ibn Hamad al-Thani, agintaritzatik bota zuen estatu kolpe odoltsu batean, 1995ean. Sheik zaharrak berak ere lehengusu bati kendu zion agintaritza 1972an, eta Suitzan oporretan zela bere seme zaharrak gobernuaren erantzukizuna bere gain hartu zuen. Mundu osoko herrialdeek berehala onartu zuten Qatarko agintari berria. Sheik gazteak ikasketa militarrak egin zituen Britainia Handiko Errege Akademia Militarrean, Sandhursten. Atleta bikaina zen, eta bere herrira itzuli zenean, atletismo programak antolatu eta bultzatu zituen. Printze oinordeko zela, gudarosteko buruzagi nagusi izendatu zuten 1972an, eta Defentsa ministro 1977an. Emir kargua eskuratu baino lehen, gobernuko administrazioaren eta arazo militarren ardura hartu zuen. Petrolioa, merkataritza eta kanpo politika ere beraren esku egon ziren. 1995eko estatu kolpea aitaren eta semearen bi urteko tirabira handien ondorioa izan zen. Agintaritza eskuratu orduko baimena eman zuen Qatarko burtsa hiriburuan jartzeko; ministro talde berria izendatu zuen; gobernu eta ondorengotza lege berriak onartu zituen, eta Lehen Ministro izendatu zuen bere burua, Defentsa ministro eta gudarosteko buruzagi nagusi karguei uko egin gabe. Sheik Abdullah bere anaia izendatu zuen laguntzaile. Sheik Hamad arabiar buruzagi liberala da, Israelekin harremanak onbideratzen saiatu da, eta Estatu Batuei zentro militarrak eraikitzeko baimena eman die.