Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Guayasamin, Oswaldo

Ekuadortar pintore eta eskultorea (Quito, 1919 - Baltimore, Estatu Batuak, 1999). Quitoko Arte Ederretako Eskolan pintura eta eskultura ikasketak egin zituen. Ikasketak amaituta, museoz museo ibili zen pintura unibertsaleko maisu handiak aztertuz. Gero, Latinoamerikako herrialdeetan barrena egin zuen bidaia batean, indiar gizarte zapaldua ezagutzeko aukera izan zuen, eta harrezkero hura izan zuen bere koadroetako gai nagusia. Bi urtez luzatu zen bidaia horretan hiru milatik gora marrazki egin zituen. Marrazki horietan oinarrituta Huacaynan (Negar bidea) saila egin zuen, ehun eta hiru koadro, hiru ataletan banatuta: indiarrak, mestizoak eta beltzak. 1955ean Espainian izan zen lehen aldiz, Bartzelonako Hispaniar Amerikar Artearen III. Bi Urtekoan parte hartzeko, eta pinturako lehen saria irabazi zuen El ataúd blanco (Hilkutza zuria) obrarengatik. 1957an Hego Ameriketako margolari hoberenaren saria irabazi zuen Sao Pauloko Bi Urtekoan. 1960an Kuban izan zen Fidel Castroren koadro bat egiteko, eta Martiriak saila margotu zuen Batistaren gobernuak egindako sarraskietan oinarrituta. 1961ean Hiraren aroa saila margotzen hasi zen: 250 koadro guztira, bost milatik gora marrazkitan oinarrituta. Obra horrekin berari bizitzea egokitu zaion garaiaren ankertasuna eta injustizia islatu nahi izan zuen, eta horretarako mundu osoan zehar bidaiatu zuen, kontzentrazio esparruak eta Hiroshimako hiria bisitatuz besteak beste. Lan nagusiak: Espainiarren konkistari buruzko fresko bat Ekuadorko kultura etxerako (1948); beirazko mosaiko bat Carcasko Centro Bolivarren fatxadarako; Amazonas ibaiaren aurkikuntza horma irudia Quitoko Gobernu Jauregirako (1958); Gizonaren eta kulturaren historia horma irudia Ekuadorreko Unibertsitate Zentralerako (1958); Espainiari eta Hispanoamerikari eskainitako horma irudi bana (120 metro) Madrilgo Barajasko aireporturako (1982); Bizi naizen artean beti izango zaitut gogoan saila, munduko ama guztiei eskainia; 360 metroko horma irudi bat Ekuadorko Legebiltzarrerako (1988); 1942tik aurrerako europar inbasioaren biktimei omenaldia monumentua (1992); Egunero gosez hiltzen diren haurrei eskainitako horma irudia, UNESCO erakundearen Parisko egoitzaren sarrerarako (1992).