Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gorostiaga, Xabier

Bizkaitar jesuita, irakaslea eta garapenari lotutako gaietan aditua (Bilbo, 1935 – Loiola, 2003). Teologian lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, garapen ekonomikoan lizentziaduna Cambridgeko Unibertsitatean, filosofian lizentziaduna Mexikoko Instituto Libre de Filosofia delakoan eta ikasketa klasikoetan Habanako Unibertsitatean. 1958. urteaz geroztik Erdialdeko Amerikan bizi izan zen. Hainbat urte Panaman eman ondoren Nikaraguan lan egin zuen gobernu sandinistarekin 1979az geroztik. 1991tik 1997ra Managuako (Nikaragua) UCA (Universidad Centro-Americana) unibertsitateko errektore izan zen. CRIES (Coordinadora Regional de Investigaciones Económicas y Sociales) erakundeko arduradun ere izan zen, hala nola Latinoamerikan jesuitek kudeatzen dituzten hogeita hiru unibertsitate biltzen dituen AUSJAL elkarteko idazkari nagusi. Herri azpigaratuen aldeko lanean nabarmendu izan zen beti, eta goi mailako aditua zen garapenari lotutako gaietan.