Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gorordo, Jose María

Bizkaitar politikaria (Bilbo, 1949). Ekonomia eta zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean eta, 1977an Bilboko Merkataritza eta Industria Ganberako idazkaritzan hasi zen lanean. Euzko Alderdi Jeltzaleko kide zela, Eusko Irrati Telebistako (EITB) zuzendari nagusi izendatu zuten 1985. urtean eta bere ardurapean zabaldu zen Eusko Telebistako bigarren katea erdaraz (1986). Bere karrera politikoaren lehenengo urratsak EAJren baitan egin ondoren –alderdi horretako kide zela iritsi zen Bilboko alkate izatera 1987an eta lehenagotik EITBko buru ere izana zen, besteak beste, jeltzaleek izendatuta– 1990ean EAJrekin zuen harremana bertan behera gelditu zen. EAJk alderditik bota zuten Gorordo, eta alkatetza galdu zuen. Iniciativa Ciudadana Vasca alderdia sortu zuen ondoren eta haren buru aurkeztu zen 1995ean Bilboko udalerako hauteskundeetan; bost zinegotzi lortu zituen bere alderdiak. 1999ko hauteskundeetan ere Bilboko alkaterako eta Bizkaiko ahaldun nagusi izateko aurkeztu zuen bere burua Jose Maria Gorordok. Bizkaian ez zuen emaitza aipagarririk lortu eta Bilboko Udalean ere 5etik 2ra jaitsi zen ICVren zinegotzi kopurua. Politika orokorrari dagokionez, Lizarrako itunaren sinatzaileetakoa izan zen Gorordoren ICV. 2000. urtearen hasieran, azkenik, gobernu akordioa hitzartu zuen EAJ eta EArekin Bilboko Udalean.