Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goizueta

Nafarroako ipar-mendebaleko udalerria, Urumea haranean (Lizarrako merindadea). Mugak: iparraldean Lesaka, Oiartzun (Gipuzkoa) eta Arano, ekialdean Arantza, mendebalean Elduain (Gipuzkoa) eta Berastegi (Gipuzkoa) eta hegoaldean Zubieta, Labaien, Erasun, Ezkurra eta Leitza. Garaiera, 155 m. 90,01 km2. 906 biztanle (1991) (goizuetarrak). Auzo hauek osatzen dute Goizuetako udalerria: Aitasemegi, Alkanzurain, Alkasoaldea, Artikutza, Espidealdea, Goizueta (herriburua) eta Tartazu. Urumea ibaiak igarotzen da udalerritik. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak, % 98. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusia industria (indarretxea, zurgintza, eraikuntza eta metalurgia) bada ere, langile asko bizi da nekazaritzatik eta abere hazkuntzatik (artoa, patata, fruitu arbolak, bazkarako landareak, barazkiak; behiak eta ardiak). Aipagarriak dira Andre Mariaren eliza erromanikoa, Adrianea, Goikoetxe edo Urrutineko etxeak eta Alduntzin jauregia. v Historia. 1192. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Goizuetako herria. Hasieran Basaburua haraneko herria izan zen baina laster bereizi zen eta bere gain jarri. Goizuetako inguruetan gudu latzak gertatu dira historian zehar, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugatik gertu dagoen herria baita. 1430. urtean herria erre zuen Gaztelako armadak. 1630. urtean bereizi zen Goizuetatik Aranoko herria.