Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goethe, Johann Wolfgang von

Alemaniar idazlea (Frankfurt am Main, 1749 - Weimar, 1832). Familia burges batean jaio zen, eta Leipzigeko eta Estrasburgoko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Estrasburgon Herder ezagutu zuen; hark Shakespeare-renganako eta herri poesiarekiko zaletasuna sartu zion. 1771-72ko negua Estrasburgoko giro erromantikoa jasotzen duen Götz von Berlichingen drama (1773) idazten eman zuen. 1772an Wetzlar-en izan zen eta Charlotte Buff-enganako sentitu zuen maitasun eroak Die Leiden des jungen Werthers (1774, Werther gaztearen penak) idazteko gaia eman zion. Obra hauekin batera Faust bere obra handia idazten hasi zen, eta bi antzerki ere idatzi zituen: Clavigo (1774) eta Stella (1775). Garai hartan Lili Schönemann-ekin izan zituen harremanek, Frankfurten, poesia liriko ederrenetako batzuk egiteko aukera eman zioten. 1775ean Weimar-era joateko izan zuen deiak erabateko eragina izan zuen bere bizitzan. 1775etik 1786ra arte poema liriko ugari idatzi zituen Charlotte von Stein-ekin izan zituen harremanak zirela medio, eta era berean Ilmenau (1783), Zueignung (1784, Eskaintza) eta Hans Sachsens poetische Sendung (1776, Hans Sachsen-en eginkizun poetikoa) lanak idatzi zituen; azken horren bidez Maisu kantari (Meistersinger) ahaztuen berri eman zuen. Orobat Iphigenie, Tasso eta Egmont drama poetikoen zirriborroak egin zituen. Aspaldiko ametsa betez, Italiara joan zen 1786an. Erroman antzinatea aztertu zuen eta Alemaniako erromantizismoa aldatu zuten ideia neoklasikoak landu zituen bertan. Orduan bukatu zituen Iphigenie (17787) eta Egmont dramak (1788). Weimar-a itzuli (1788) eta Charlotte von Stein-ekin zuen lotura hautsita Christiane Vulpius-ekin bizitzen jarri zen. 1789an amaitu zuen Tasso. Garai eta giro berekoa da Römische Elegien (1792, Erromako elegiak). Poema argitaratu berri zuen eran uzteko asmoa izan zuen, baina Schiller-ek jatorrizko asmora itzularazi zuen. Azken bertsioaren lehen zatia 1808an argitaratu zen, eta, bigarrena 1833a arte ez zen eman argitara. Garrantzi handirik ez duten antzerki lan batzuetan azaldu zuen Goethek Frantziako Iraultzarekiko zuen interesa; horietakoa da Der Bürgerjeneral (1793). Zientzia ikerketak egin zituen; aurkikuntza garrantzizkoak egin zituen anatomian eta botanikan, eta optikari buruzko Newton-en teoriak kritikatu zituen. Schiller-en adiskide mina egin zen, eta 1795ean haren eraginez idatzi zituen poema batzuk eta Wilhem Meisters Lehrjahre (1791, Wilhem Meister-en ikasketa urteak), geroago Wilhem Meisters Wanderjahre (1821-1829, Wilhem Meister-en ibilaldiak) obraz osatu zuena. Schiller-ekin zituen harremanen ondorio dira orobat Xenien (1796), Hermann und Dorothea (1798). Schiller hil ondoren (1805), Christiane Vulpius-ekin ezkondu zen (1806), baina beste maitale asko izan zituen: Bettina von Arnim, Minna Herzlieb, Ulrike von Levetzow eta Marianne von Willemer. Wilhelm Meister eta Faust lanen zuzenketaz gainera, hauek izan ziren azken urteetako obrarik garrantzizkoenak: Farbenlehre (1808-1810, Koloreen teoria), teoria optikoak jasotzen dituena; Die Wahlverwandschaften (1809, Aukera parekotasunak), eleberri psikologikoa; Dichtung und Wahrheit (1811-1913, Poesia eta Egia), autobiografia, etab. Goetheren eragina mundu osora hedatu da, eta gaur eta mundu osoko literaturan izenik handienen artean dago. Haren obretatik euskaratuak daude Faust etaWerter gaztea (Santi Onaindia).