Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Glenn, John Herschell

Estatubatuar politikari eta astronauta (Cambridge, Ohio, 1921). Marylandeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Bigarren Mundu Gerran eta Koreako gerran Estatu Batuetako marineen gudarosteko kide gisa parte hartu zuen. 1957. urtean Los Angeles eta New York arteko eskalarik gabeko lehenengo hegaldi supersoniko kontinente artekoa egin zuen. 1959. urtean egin zen astronauta, eta 1962an Friendship 7 izeneko kapsulan bidaiatu zen; John Glenn izan zen, hain zuzen ere, lehenengo aldiz Lurraren inguruko orbita osatu zuen estatubatuarra. Hiru aldiz eman zuen Lurraren inguruan bira, bost ordutan, eta arazo asko izan zuen arren, azkenik itsasontzi batek jaso zuen bere espazio ontzia ozeanora jausi ondoren. 1964. urtean utzi zituen bertan behera espazioko programak eta hurrengo urtean atera zen marineen taldetik. Harrezkero politikan jardun du, baina sekula ez du galdu hegazkintzarekiko eta espazioko hegaldiekiko arreta. 1974. urtean Ohioko senatari hautatu zuten Alderdi Demokrataren aldetik, eta 1980an, 1986an eta 1992an berriro eskuratu zuen kargu hura. 1998an, 77 urte zituela, Discovery espazio ontzian bidaiatu zen; orain arte espaziora bidaiatu den pertsonarik zaharrena da.