Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gixune

Lapurdiko ipar-ekialdeko udalerria, Bidaxuneko kantonamenduan. Guiche du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Samatze eta St. Marie-de-Gosse (Landak); hegoaldean, Bardoze; ekialdean Samatze eta Hastingues (Landak), eta mendebalean, Bardoze, Ahurti eta Landetako St. Laurent-de-Gosse eta St. Marie-de-Gosse. Garaiera, 89 m. 24,85 km2. 1999ko datuen arabera, 739 biztanle (gixundarrak). Herrigune hauek osatzen dute Gixuneko udalerria: La Bourgade, Le Miey, Vic-de-Bat, Vic-de-Sus, Lailhet, Beau-Plaisir eta Pont-de-l’Arran. Udalerriaren iparraldeko eta mendebaldeko muga eratzen du Aturri ibaiak, Biduze adarrarekin bat egin ondoren. Hizkuntzak: euskara, gaskoia eta frantsesa. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (artoa eta bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) dira. v Historia. 1088. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Gixuneko herria. XV. mendean zehar istilu gogorrak gertatu ziren Gixunen beamontarren eta agramondarren artean. 1485. urteaz geroztik, agramondarren esku geratu zen Gixuneko jaurerria. XIV. mendean bazen Gixunen dirua ekoizten zuen etxea. Konderri bihurtu zuen Luis XIV.ak 1563. urtean eta Gixuneko konde titulua jaso zuten gero agramondarren oinordekoek. Lapurdiko Biltzarrean ordezkariak bazituen ere, Gixuneko herriak ez zuen 1768. urtea arte Lapurdiko gainerako udalerriek zuten boto eskubiderik izan.