Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Giner, Salvador

Espainiar soziologoa (Bartzelona, 1934). Sorterrian hasi zen ikasketak egiten. Zuzenbideko lizentzia eskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Soziologiako doktoregoa Chicagokoan. Europan, Estatu Batuetan eta Karibe inguruan osatu zituen bere ikasketak. Harrezkero Britainia Handian lan egin zuen urte askoan, irakasle eta ikertzaile gisa, harik eta 1986. urtean sorterrira itzuli eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedra eskuratu zuen arte. Harrezkero unibertsitate horretako irakaslea da, ekonomiako fakultatean. Ginerren lanen artean bereziki azpimarratzekoak dira teoria soziologikoari, pentsamendu sozialaren historiari eta gizarte industrial garaikidearen analisiari buruz egin dituen ekarpenak. Soziologian nagusitzen den teoria aniztasunaren aurrean, Ginerrek egitura sorra deritzenen kontzeptua proposatzen eta lantzen du; egitura horiei esker garai eta leku desberdinetan sorturiko teoriak eta ideiak multzoka daitezke, eta aukera ematen dute gizarte zientzietan hainbeste arazo sortu ohi dituen "paradigma" kontzeptua gainditzeko. Ginerren liburuen artean aipagarriak dira Historia del pensamiento social (1967, 1982an berrantolatua, Gizarte pentsamenduaren historia), Sociología (1968, Soziologia), El progreso de la conciencia sociológica (1971, Kontzientzia soziologikoaren bilakaera), Sociedad masa (1976, Masa gizartea), Europa contemporánea: estructuras sociales y pautas culturales (1978, Europa garaikidea: gizarte egiturak eta joera kulturalak) eta La estructura social de Cataluña (1980, 1984an osatua, Kataluniako egitura soziala).