Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gimondi, Felice

Italiar txirrindularia (Sedrina, 1942). Eddy Merckxen arerio nagusia izan zen 1960ko hamarraldian eta bere herriko txirrindularirik onenetakoa izan den arren, Merckxen itzalean jardun zuen bere karrera guztian zehar. 1964. urtean Etorkizuneko Itzulia irabazi ondoren egin zuen debuta txirrindulari profesionalen mailan, 1965ean, eta Frantziako Itzulia irabazi zuen urte hartan. 1965. urtetik 1978. urtera iraun zuen txirrindularitza profesionalean, eta bitarte horretan 135 garaipen handi lortu zituen. 1973an Merckxen aurrean garaipena lortu zuen Munduko Errepideko Iraupen Txapelketan, eta garrantzi handiko garaipenak izan zituen Italiako Giroa (1967, 1969 eta 1976an) eta Espainiako Itzulia, 1968an; era berean, Lonbardiako Itzulian bi aldiz izan zen irabazle (1966 eta 1968 urteetan), behin Paris-Roubaix lasterketan (1966), bi Paris-Bruselan (1966 eta 1976 urteetan), behin Milan-San Remon (1974), etab. Felice Gimondi maldan gorako ibilbideetarako txirrindulari bikaina izan zen eta erlojuaren kontrako probetan ere nabarmendu zen, sprintez gainera; bere garaiko lasterketa klasikoetako txirrindulari onenetakoa izan zen.