Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Getz, Stanley

(Stan deitua). Estatubatuar saxofoi-jotzailea (Filadelfia, 1927 - Los Angeles, 1991). Errusiar etorkinen semea zen. Oso gazterik hasi zen saxoa jotzen, eta 1943. urterako profesional gisa jotzen zuen New Yorken. Harrezkero garrantzi handiko bandetan jo zuen, besteak beste Jimmy Dorsey eta Benny Goodmanen taldeetan. 1940ko hamarraldiaren amaieran bakarka hasi zen diskoak grabatzen. 1950ean, zenbait talderekin jotzen jardun ondoren, Verve etxearentzat hasi zen lanean, eta Lionel Hampton edo Dizzy Gillespieren mailara iritsi zen. Gillespierekin grabatu zuen, hain zuzen ere, Diz And Getz, bere disko ezagunenetako bat. 1956an The Steamer argitaratu zuen, eta handik bi urtera Europara aldatu zen. Stanley Getzen karreraren bigarren aldia hasi zen orduan, Desafinado diskoarekin (1962). Bigarren aldi honetan Bossa Novaren bideari ekin zion, urte hartan bertan egin zuen Jazz Samba lanak erakusten duenez. Disko harekin arrakasta handia lortu zuen eta handik bi urtera, 1964an, beste disko bikain bat grabatu zuen: Getz-Gilberto. 1970eko hamarraldian hainbat jazz-jotzailerekin elkarlanean jardun zuen –Chick Corearekin besteak beste– nahiz eta tarteka bakarkako diskorik argitaratu zuen, adibidez zuzeneko diskoa 1977an eta The Dolphin 1981ean. 1980ko hamarraldiaren amaieran minbizia diagnostikatu zioten, baina ez zuen musika alde batera utzi, alderantziz baizik. 1990ean Apasionado grabatu zuen, bere saxoaren doinu epel eta intimoa nabarmen ageri duena, eta ondoren Anniversary (1990) eta Serenity (1991). Hil ondoren argitaratu zen bere azken diskoa, People Time, 1991ko ekainean. Stanley Getz jazzaren historiako saxofoi-jotzailerik handienetakoa da, eta eragina izan du, jazzean ez ezik, pop musikan ere.