Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gepardo

iz. Zool. Felidoen familiako ugaztun haragijalea, metro bat inguru garai eta 1,5 cm luze dena (Acinonyx jubatus edo Cynailurus jubatus). Katuaren eta zakurraren kideko animalien tartekoa da. Burua katuarenaren antzekoa du, baina gorputza eta hankak zakurraren tankerakoak, oso luzeak eta atzeratzen ez direnak. Belarriak motzak eta zabalak ditu. Kolorea gris horixka du, tanta beltz askorekin. Estepetako animalia da, ez oso indartsua, baina lasterkari bikaina. Arrak 90 kg-ko pisua har dezake, eta 1,40 metroko luzera, isatsa kontuan hartu gabe. Animaliaren bat harrapatu nahi duenean, makur-makur eginda eta isil-isilik hurbiltzen zaio, ezin duelako bide luzean lasterka iraun. Lasterketa laburrean ugaztunetan bizkorrena da; kilometro erdirainoko arineketan orduko 100 km-tik gorako lastertasuna har dezake. Bezatuz gero felidoetan otzanena bide da. Indian eta asko erabili izan da ehizarako. Antilopeak, gazelak eta antzeko hausnarkariak harrapatzen ditu, eta horiek janez elikatzen da. Asiako eta Afrikako estepetan bizi da.