Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Generalitat, Kataluniako

 Kataluniako Autonomia Erkidegoa gobernatzen duen erakunde politiko-administratiboa. Sorburua Erdi Aroko Kataluniako Gorteetan du: 1359an zergak jasotzeko erakunde iraunkor bat sortu zen, Diputació del General edo Generalitat deitu zena. Berehala beste eskumen batzuk ere eskuratu zituen: politikoa, konstituzioak betearazteko; militarra, kostaldea zelatatu eta erasoei aurre egiteko; eta judiziala, biztanleen eta agintarien arteko auzietan epaiak emateko. Fernando Errege-erregina Katolikoak, ordea, eskumen horietako batzuk murriztu zituen. XVI eta XVII. mendeetan, Kataluniako Gorteak oso gutxitan bildu ziren eta Generalitatek eskumen batzuei eutsi zien, justizia epaitegiaren funtzioei besteak beste. XVIII. mendearen hasieran, ondorengotza gerraren ondoren, Filipe V.a erregeak Generalitat desegin zuen. ■ 1931n, Espainiako II. Errepublikarekin berriz osatu zen, ezaugarri berriekin. Garai hartako lehen presidentea Francesc Macià izan zuen, eta hura hiltzean Lluís Companysek hartu zuen bere lekua. 1939ko urtarrilean, Espainiako Gerra Zibilean katalan errepublikazaleen porrotaren ondorioz, autonomia estatutua indargabetu zuten, eta berarekin batera baita Generalitat ere. Frankismoaren garaian, atzerriko Generalitateko presidentetza Josep Irlak bete zuen 1954 arte, eta handik aurrera Josep Tarradellasek. 1977an, Espainiako demokraziarekin batera Generalitat berrezarri zuten, eta Tarradellas presidenteak, atzerritik itzulirik, behin-behineko presidentetza hartu zuen. Parlamentarien biltzar batek estatutu berria osatu, eta Espainiako gorteetan aurkeztu zuten 1978. urtearen bukaera aldera. 1979an Kataluniako biztanleek berretsi zuten, eta Generalitaten hirugarren aldiari hasiera eman zitzaion. 1980ko hauteskunde autonomikoetan Jordi Pujol aukeratu zuten presidente, eta harrezkero egin diren hauteskundeen ondoren ere berak jarraitu du presidentetzan.