Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gellhorn, Martha

Estatubatuar kazetaria eta eleberrigilea (Saint Louis, Missouri, 1908 - New York, 1998). Hogeita bat urterekin Europara joan zen egunkari batentzat lan egitera. 1934an, Estatu Batuetara itzuli zen, eta Depresioaren garaian Estatu Batuetako herriari irekitako zauriak agerian utzi zituen artikulu saila idatzi zuen: The Trouble I've Seen (1936, Nik ikusitako ezinegona). 1937an, gerrako berriemaile gisa hasi zen lanean, eta hurrengo bederatzi urteetan, Espainiako Gerra Zibilaz, Finlandia eta Txinako gerrez, eta Bigarren Mundu Gerraz idatzi zuen besteak beste. Bizi izandako esperientzia guztiak erreportaje liburu batean bildu zituen: The Face of War (1959, Gerraren aurpegia). Hiru aldiz ezkondu zen: Parisen zela, Bertrand de Juvenal kazetariarekin; 1940an, Ernest Hemingwayrekin –elkarrekin ibili ziren Espainian, gerra zibilaren garaian, eta Hemingwayk berari eskaini zion For Whom the Bell Tolls liburua–; eta 1954an, Tom Matthewsekin, Time aldizkariko zuzendari ohiarekin. Beste lan batzuk: A Striken Field (1939, Eremu hondatua), Liana (1943, Aihena), The Weather in Africa (1978, Afrikako eguraldia).