Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gates, Bill

Estatubatuar informatikoa (Seattle, 1955). Microsoft Corporation elkartearen sortzailea eta lehendakaria, eta munduko pertsonarik aberatsena. Gates oso matematika ikasle ona zen, eta ordenagailuen zale amorratua, enpresetarako grina berezia izateaz gainera. Ez zituen, ordea, unibertsitate ikasketak amaitu. Haren lagun Paul Allen-ekin batera, hemeretzi urte zituela, Traf-O-Data konpainia sortu zuen, eta autopista bateko trafiko datuak biltzeko programa bat asmatu zuten. Hilabete batzuk geroago, 1975eko uztailean, Microsoft sortu zuen Paul Allenekin, eta unibertsitate ikasketak utzi zituen konpainia hartan buru-belarri aritzeko. Handik gutxira, Paul Allenek enpresa utzi zuen, eta Gates bakarrik geratu zen enpresaren zuzendaritzan. 1980an, Microsoft eta IBM ados jarri ziren azken konpainia hau prestatzen ari zen ordenagailu pertsonal berriaren sistema eragilea sortzeko. Hortik aurrera, konpainia izugarri zabaldu zen, baina, bitxia bada ere, hazkuntza hori, ez Bill Gatesek ez bere taldeak, Seattle Computer Products izeneko konpainia txiki batek baizik sortutako produktu batean oinarritu zen: MS-DOS. Microsoftek Seattle Computer Products enpresari erosi zizkion produktu hori salerosteko eskubideak 100.000 dolarretan. 1986ko martxoan, Microsoftek bere akzioen eskaintza publikoa egin zuen eta burtsan kotizatzen hasi zen. Akzioen hasierako prezioa, akzioko 21 dolarretik 61era gehitu zen, eta Bill Gates munduko gazte aberatsenetakoa bihurtu zen; 1998rako, berriz, munduko pertsonarik aberatsena zen. Kalkulu batzuen arabera, Bill Gatesen aberastasuna 6.686.850 milioi pezetakoa da (kopuru hori Peruko barne produktu gordinarena baino pixka bat txikiagoa da, eta Irlandakoarena baino askoz ere handiagoa). 1997tik aurrera, Microsoft enpresak arazo asko izan ditu, Estatu Batuetako justiziak monopolioa eta merkataritza taktika desleialak erabiltzeaz akusatu baitu.