Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garibaldi, Giuseppe

Italiar politikaria (Niza, 1807 - Caprera, 1882). Sardiniako itsas armadan aritu zen, eta 1833. urtean Mazzini zuzendari zuen Italia Gaztea higikundean sartu zen; horren kariaz hurrengo urtean erbestera alde egin behar izan zuen. Hego Ameriketan zenbait gerratan parte hartu zuen: Brasilen (1836), Montevideon (1842-46). 1848ko iraultza izan zenean Italiara itzuli zen. Berriro Hego Ameriketara joan behar izan zuen erbesteraturik, baina 1854. urtean berriro itzuli zen eta Piamonteko etxearekin eta Cavour-ekin bat egin zuen. 1859. urtean 5.000 ehiztariz osaturiko gudaroste batekin austriarrak menderatu zituen Varesen eta Brescian. Hurrengo urtean Sizilia hartu zuen (Mila Gizonen edo Alkandora Gorrien espedizioa) eta Napolin Piamonteko gudarostearekin bat egin zuen. Diputatu hautatu berri zela Niza Frantziaren eskuetan utzi izanak biziki haserretu zuen eta handik gutxira Vatikanoko Estatuen auzia zela eta Cavour-en kontra altxatu zen. Aspromonten (1862) eta Mentanan (1867) menderatu zutela Caprera uhartera (Sardinia) erretiratu zen. 1870ean frantsesekin batera alemaniarren kontrako gerran parte hartu zuen eta Frantziako lau departamendutan diputatu hautatu zuten. Erromako Parlamentari izendatu zuten 1875. urtean.