Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garazi

Nafarroa Behereko hego-ekialdeko lurraldea, aipatutako herrialdeko Pirinio aldean. Donibane Garaziko kantonamendua eta Suhuskune udalerria (Iholdiko kantonamendukoa) daude Garaziko mugen barnean. 308,58 km2 eta 6.823 biztanle (garaztarrak). Udalerri hauek osatzen dute: Ahatsa-Altzieta-Baskazane, Aintzila, Ainhize-Monjolose, Arnegi, Behorlegi, Buzunaritze-Sarrasketa, Buztintze-Hiriberri, Zaro, Ezterenzubi, Gamarta, Izpura, Jatsu, Lakarra, Lekunberri, Mendibe, Donazaharre, Donibane Garazi (hiriburua), Eiheralarre, Uharte Garazi eta Suhuskune. Mugak: iparraldean, Irisarri, Iholdi, Landibarre eta Izura-Azme (Nafarroa Beherea); ekialdean, Hauze (Zuberoa); hegoaldean, Zaraitzu, Aezkoa eta Luzaide (Nafarroa Garaia), eta mendebalean Baigorri eta Orzaizeko haranek (Nafarroa Beherea). Luzaide gaur egun Nafarroa Garaian dagoen arren, herri garaztarra da historiaz eta izatez. v Orografia eta klima. Bi lurralde mota bereizten dira Garazin: hegoaldekoa eta iparraldekoa. Hegoaldea menditsua da guztiz (Errozate, 1.346 m; Okabe, 1.463 m; Urkulu, 1.333 m). Errekek eta ibaiek haran sakonak ebakitzen dituzte (Ezterenzubi, Ezterengibel, Luzaide eta Lekunberriko haran zabala, Iratiko sarreran). Ezterengibelen sortzen da Errobi ibaia eta Laurhibar, Lakarra eta Arnegi errekak hartzen ditu bere lehen bidean. Ordoki zabalak dira Garaziko iparraldean, Donibane Garazin eta Donozaharretik iparralderako eremuan. Klima hezea da eta ez oso hotza. v Hizkuntza. Euskara, behe-nafarrera, da Garaziko hizkuntza (biztanleriaren % 80 euskalduna da). Gune erdaldunak zabaldu eta indartu dira azkenaldi honetan, Donibane Garaziko inguruetan nagusiki. v Ekonomia. Laborantza eta abere hazkuntza dira ekonomia jarduera nagusiak (ardiak eta behiak). Turismoa garrantzitsua da Donibane Garazin. v Historia. Garaziko mendi zintzurretan menderatu zituzten euskaldunek frankoak VIII. eta IX. mendeetan. X. mendeko dokumentu batek aipatzen du Garazi lehenengo aldiz, Lapurdiko eliz barrutiko lurralde gisa. XII. mendean hasi ziren Garaziren eta Nafarroako erresumaren arteko harremanak estutzen eta XII. mendearen hasieran Nafarroako lurra zen Garazi, egungo Nafarroa Behereko gainera lurraldeekin batean. Garaziko lurrek berebiziko garrantzia hartu zuten XII. mendetik aurrera, Donejakue bideko iragaitz eremu gisa (Donazaharre-Eiheralarre eta, geroago, Donibane Garazi). 1512-1521 urteetan, Nafarroaz jabetu ziren Gaztelako osteen esku geratu zen Garazi ere eta 1530. urtean Donibane Garazi bihurtu zen Nafarroa Behereko erreinuko hiriburu (bertan biltzen ziren Nafarroako gorteak, Pauera igaro ziren arte). Garaztarra zen Bernart Etxepare, euskaraz idatzi zen lehen liburuaren egilea.