Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garajonay, Parque Nazionala

Espainiako parke nazionala, Kanarietako Autonomia Erkidegoan, Gomera uhartean dagoena, eta Tenerifeko Santa Cruz probintziari dagokiona. Munduko berezienetako bat da, existitzen den ereinotz edo erramu baso nagusia bertan dagoelako. Horregatik, UNESCOk, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, gizadiaren ondare izendatu zuen 1987an. Ereinotz basoak Tertziarioko basoak dira berez, eta mundu osoan Kuaternarioko glaziazioek ia denak suntsitu zituzten arren, hemengoa osorik gorde da, bakartasunari eta klimari esker, eta baita maldak handiegiak izateagatik ere, horrek gizakia kokatzea eta ondorioz basoa suntsitzea galarazi baitzuen. Erliebea sumendizko goi lautadez dago osaturik; sakan sakonez irekita dago, eta roque edo neck deritzen iltze bolkanikoak ditu, garai bateko tximinia bolkanikoak alegia. Orografiaren antolamendua dela-eta, alisioek ekarritako hodeiak bertan harrapaturik geratzen dira, eta horrek mikroklima epel eta hezea eragiten du, hau da, ereinotz baso subtropikalak behar dituen laino eta euriteak (% 75-90 hezetasun erlatiboa). Parkeko landarerik adierazgarrienak ereinotza, hagina, intsusa, ezkia, gurbitza eta txilarra dira besteak beste, eta baita zenbait landare endemiko ere. Faunari dagokionez, ia animalia bakarrak ornogabeak eta hegaztiak dira (usoa, gabiraia, belatza, hontza, zozoa, kanariar zapelatza eta erregetxoa). Parkearen ertzetan triku edo muskerren bat ere aurki daiteke. Parkeari izena Gomerako printzesa Gara eta Tenerifeko printze Jonayren izenetatik eratorria da, kondairaren arabera bertan ezkutatu omen baitziren bi maitale haiek. Azkenaldian gertaturiko suteek arriskuan jarri dute botanikaren altxortzat hartzen den baso hau.