Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gambia

(Izen ofiziala, Gambiako Errepublika; Ing., Republic of The Gambia). Afrikako mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, ekialdean eta hegoaldean, Senegal; mendebaldean, Ozeano Atlantikoa. 11.295 km2 eta 1.593.256 biztanle (2005, gambiarrak). Hiriburua: Banjul (34.828, banjuldarrak). Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala); afrikar hizkuntzak (wolofa eta mandingoa). Etniak: mandingoak edo malinkeak (% 40), fulaniak (% 19), wolofak (% 15), jolak (% 7), soninkeak (% 8). Erlijioa: musulmanak (% 85); animismoa (% 11), kristauak (% 3). Dirua: gambiar dalasia. ■ Lurraldea. Afrikako lurralde txikienetako bat da Gambia. Izen bereko ibaiaren ibarra hartzen du osorik, eta ontziz ibiltzeko modukoa da bere luzera eta ibilbide osoan (320 kilometro). Klima tropikala du, oihana da ibai ertzean, eta sabana oihanaz harago. Ekonomia kakahuetearen produkzioan eta turismoan oinarritzen da. Baso eremu handiak bota dira lursail gehiago lortzeko eta erregai gisa zura ateratzeko. ■ Biztanleak. Afrikako herrialdeen artean biztanle dentsitate handienetako bat du Gambiak, eta biztanle kopurua % 3,6 handitzen ari da urtero. Bizi itxaropena 46 urtekoa da, alfabetizazio maila % 39koa, eta bi sendagile daude 100.000 pertsonako; jaioberrien heriotza tasa munduko handienetakoa da: 1.000 jaioberritatik 80 bat hiltzen dira. Datu horiek argi erakusten dute herrialdearen aurrerabide eskasa. Hiru etnia nagusi daude, mandingoak, wolofak eta fulak, baina erlijio batasunak arintzen ditu haien arteko desberdintasunak; erlijioz musulmanak dira gambiar gehienak. Biztanleen laurden bat bizi da hirietan, Banjulen, Serekundan (102.600 biztanle) eta Brikaman (24.300 biztanle). Hizkuntza ofiziala ingelesa da baina leinu bakoitzak berea du.■ Ekonomia. Ekonomiaren oinarri nagusia kakahuetearen produkzioa da. Horretarako erabiltzen da lantzeko dagoen lurraren (eremu osoaren % 14) parterik handiena. Nolanahi ere, azkeneko urteotan lur gehiago prestatzen ari dira, bestelako gai batzuk ere landu ahal izateko, eta nazioa ekonomia produktu bakar baten morrontzatik ateratzeko. Dagoen industria apurretik kakahuetea eraldatzeko industria da nagusia. Turismoak ere pisu handia du nazioaren ekonomian, gero eta handiagoa. ■ Historia. Wolof, malinke eta fulani herriek XIII. mendean jarri ziren bizitzen gaur egun Gambia den lurraldeetan. 1455. urtean, portugaldarrek Gambia ibaia aurkitu zuten eta 1588an britainiar merkatariei saldu zizkieten ibai haren gaineko eskubideak baina, artean, ez zuten europarrek bizileku egonkorrik antolatu bertan. 1663an britainiarrek ibaian dagoen uharte bat erosi zioten bertako buruzagi bati eta Fort James gotorlekua eraiki zuten. 1681ean frantsesak heldu ziren eta bizileku hartu zuten Albredan, Fort James gotorlekuaren aurrez aurreko ibai ertzean; 1807an Fort James hartu eta eraitsi zuten frantsesek. Lau urte geroago, Versallesko Hitzarmenak Britainia Handiak zituen Gambia ibaiaren gaineko eskubideak onartu zituen eta baita Frantziak Albredaren gainean zituenak ere. Britainiarrek 1807an esklabotasuna debekatu zutenean, Bathurst gotorlekua eraiki zuten Gambia ibaiaren bokalean esklaboen salerosketa hari amaiera emateko. 1857an frantsesek Albredaren gaineko eskubideak britainiarrei saldu zizkieten, eta 1889an Gambiako mugak zedarritu zituzten Frantziak eta Britainia Handiak biak elkar hartuta. Britainiarrek beren babespeko lurraldetzat hartu zuten lurralde osoa 1894an. 1965ean lortu zuen independentzia Gambiak, eta 1970. urtean errepublika bihurtu zen; Sir Dawda Kairaba Jawara izan zen lehendabiziko lehendakaria. ■ 1980 inguruko urteetan, turismoarekin batera prostituzioa eta droga trafikoa zabaltzen hasi ziren Gambian, eta oposizio musulman antolatua sortu zen orduan. 1981ean, Jawara lehendakaria kargutik kentzeko, haren ordez islamiar erregimen iraultzailea ezartzeko eta horrekin ustelkeria ofiziala amaitzeko ahalegina egin zuten musulman batzuek. Senegalgo gudarosteak esku hartu zuen eta matxinada zapaldu zuen. Izan ere, Gambiaren eta Senegalen artean konfederazio bat (Senegambia) eratzeko asmoa zegoen lehenagotik, eta estatu kolpeak asmo hori lehenago gauzatzea eragin zuen. Senegambia 1982ko otsailean sortu zen ofizialki. Konfederazioaren buru Abdou Diouf jarri zuten, Senegalgoa bera, eta, hari laguntzeko, ministro kontseilu konfederatu bat eta bi nazioetako kideez osatutako Legebiltzarra eratu ziren. Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak eta barne antolaketa gorde zituen hala ere. 1985. urteaz gero Gambia bi herrialdeen arteko loturak sendotzeko eta elkar babesteko hitzarmenak ez sinatzen eta ez betetzen hasi zen. Aitzitik, 1989an elkar babesteko hitzarmen bat egin zuen Nigeriarekin, herrialdearen defentsa ziurtatzeko eta aldi berean Senegaletik aldentzeko. Hitzarmen horrek, berez, Senegambiari uko egitea esan nahi zuen. 1991ko maiatzean Gambiak eta Senegalek beren arteko harremanak oneratzeko lehen urratsak egin zituzten, elkarren laguntzarako hitzarmen bat sinatuz. 1993an gobernuak nazioa adiskidetzeko neurriak hartu zituen; besteak beste, amnistia ematea onartu zuen erregimena erorarazten saiatu zirenentzat. 1994ko uztailean militarrek estatu kolpea jo zuten. Dawda Jawara lehendakaria Senegalera erbesteratu zen. 1996an, abuztuan, konstituzio berria onartu zen. Gobernua bere gain hartu zuen militarren kontseiluko lehendakariak, Yahya Jammeh tenienteak, nazioaren politika onbideratzeko lehen urrastzat hartu zuen konstituzio hura. 1998an buruzagi musulman ugari atxilotu zituzten, eta 1999an oposizioaren buru Ousainou Darboek gobernuak bere alderdiko kideak atxilotu zituela eta demokrazia hura lege “gezurtietan” oinarritua zela adierazi zuen. 2001eko hauteskundeetarako lehendakariak alderdi politikoen debekua kentzea erabaki zuen, baina Jammehk irabazi zituen berriro ere hauteskundeak, nazioarteko behatzaileek onartuta. Hala ere, oposizioak iruzurra salatu zuen. 2002an Parlamentuak komunikabideei buruzko lege berri bat onartu zuen, 1997ko Konstituzioaren guztiz kontrakoa. Lege haren arabera, erakunde berri bat sortuko zen, besteak beste, honako ahalmen hauek zituena: kazetari guztiak erregistratu, beren iturriak azaltzera behartu, isunak baimenik gabeko oharrak argitaratzeagatik eta egunkariak itxi. 2006an hainbat militar eta zibil atxilotu zituzten estatu kolpe bat prestatzearen salaketapean; gobernuaren arabera, gudarosteko buru Mbure Cham, Inteligentziako buru Abdulaye Kujaby eta Alieu Jobe (Altxor Publikoaren zuzendari ohia) izan ziren estatu kolpe haren bultzatzaile.
http://www.gambia.gm/