Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Galitzin

edo Golitsyn. Errusiako printze familia, Lituaniako Gedymin printzearen leinukoa. v Vasily Vasilyevitx (Errusia, 1643 - Kholmogory, 1714). Fiodor tsarraren kontseilaria eta Sofia erreginaren begikoa izan zen. Poloniarekin betiko bakea izenpetu zuen (1686). Krimeako gerran parte hartu zuen. Sofiarekin ezkontzekotan zela, Petri Handiak komentu batera bidali zuen Sofia, eta Vasily erbestera. v Dimitri Mikhaylovitx (Errusia, 1665 - San Petersburgo, 1737). Errusiako finantza ministroa izan zen. Errusia monarkia konstituzional bihurtzeko saioak egin zituen. Politika kargu asko izan zituen bere ardurapean; gudarosteko kidea izan zen, gobernari, senatari, etab. Petri Handia aristokraziaren indarra murriztearen eta herritarrei garrantzi handiko karguak ematearen alde agertu zenean, Dimitri Mikhaylovitx haren kontra jarri zen. Petri I.aren iloba Anna Ivanovna enperadore zela, haren aginpidea murrizten saiatu zen; agintea Kontseilu sekretuaren esku geratzea eskatu zion eta Anna Ivanovnak onartu egin zuen hasieran, baina geroago kontseilua esetsi eta Schüsselburg-eko gotorlekuan preso sartu zuen Dimitri Golitsyn. Gotorleku hartan hil zen. v Mikhayl Mikhaylovitx (1675-1730). Gudarosteko jenerala. Suediaren kontrako borroketan ospe handia izan zuena. Finlandia menderatu zuen eta bertako gobernari izendatu zuten (1768-1769). Turkiarren kontra borrokatu zen gudarostearen buruzagia izan zen (1723).