Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gales

(Galeseraz, Cymru). Britainia Handiko eskualdea, Ingalaterraren mendebalean dagoena. Iparraldean Irlandako itsasoa, mendebalean Saint George ubidea eta hegoaldean Bristolgo ubidea ditu. 20.767 km2 eta 2.821.000 biztanle (1986). 1974. urtea arte 13 konderrik osatzen zuten, baina gaur egun 8 konderri ditu. Hizkuntzak: galesera eta ingelesa. v Orografia eta hidrografia. Gales goi-ordoki bat da. Iparraldeko gailur garaienak Snowdon (1.085 m) eta Cader Idris (892 m) dira. Hegoaldeko mendiak apalagoak dira (886 m Brecon Beacons). Ibaiak laburrak dira, eta haran ugari daude. Itsasertzean badia asko dago. Klima ozeanikoa du, hotz hezea (hotzagoa barnealdean). v Ekonomia. Barnealdean abeltzaintza (ardiak) da ekonomia jarduera nagusia, baina belardi gutxi daude. Harrikatza, beruna eta zinka. Hegoaldeko hirietan (Merthyr-Tydfil, Rhondda, Ebbw Vale) metalurgia oso hedatua dago, eta baita Swansea, Cardiff eta Newport-eko portuetan ere; Gales hegoaldea da Britainia Handiko harrikatz gehiena biltzen duena. Milford Haven da Britainia Handiko petrolio portu handiena eta Swansean kimika industria handiak daude. Turismoak ere badu garrantzia. v Historia. Zelten mendeko lurraldea izan zen hasieran, eta V. mendean zeltek galiarrekin bat egin behar izan zuten anglo-saxoiei aurre egin ahal izateko. Erromatarren aroa bukatu zenean erreinutan banatu zen Gales eta ondorengo mendeetan erreinu guztiak errege bakarraren mendean batzeko gerra asko izan ziren. 1093an Galesko hegoaldea Ingalaterrako erregearen mende gelditu zen, eta Gwynedd, Powys eta Deheubarth erreinuak burujabe jarraitu zuten, nahiz eta Ingalaterrako erregearekiko mendekotasun hitzarmena sinatu zuten (1536 eta 1543-ko Batasun Hitzarmenak). Beren kultura gorde badu ere, eta autonomiaren aldeko mugimenduak izan arren, Galesko politika historia Ingalaterrakoari aurrena, eta Britainia Handikoari gero lotuta gelditu zen. ■ XIX eta XX. mendeetan autogobernuaren aldeko mugimendua zabalduz joan zen. 1925ean alderdi galestar nazionalista bat sortu zen: Plaid Cymru. Dena dela, Galesko historiak eta kulturak Ingalaterrakoarekin lotura estuak izan dituztenez, autogobernuaren aldeko ekimenak ez zituen eskoziarrak beste suspertu galestarrak. 1979an galestarrek uko egin zioten Legebiltzar burujabea sortzeari: aurkakoek aldekoek baino lau aldiz boto gehiago eskuratu zituzten. 1997an berriro piztu zen autogobernuaren aldekoen esperantza, Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan Alderdi Laboristak Galesen eta Eskoziaren autogobernuaren aldeko kanpaina egin baitzuen. Alderdi kontserbadoreak, autogobernuaren aurkakoak, kezka handitan ibili ziren, Legebiltzarra burujabetasunerako –eta, beraz, Erresuma Batua desegiteko– lehen urratsa izango zelakoan. Alderdi Laboristak hauteskundeak irabazi ondoren, Lehen Ministro berriak, Tony Blair-ek, Britainia Handiaren batasuna gordeko zuela hitz eman zuen bere aurkarien aurrean. Are gehiago, aginpidea Londrestik tokian tokiko Legebiltzarretara eskualdatzeak Britainia Handia osoaren gobernuaren eraginkortasuna handituko zuela adierazi zuen. v 1997ko irailaren 18an egin zen erreferenduma, eta Legebiltzarraren aldekoak atera ziren garaile, oso tarte txikiarekin: botoen % 50,3 aldekoak eta % 49,7 aurkakoak izan ziren. Botoa emateko eskubidea zuten galestarren erdiak baino ez zuen parte hartu erreferendumean. Beraz, esan daiteke Galesko Legebiltzarrak galestarren laurdenaren babesa baino ez duela. Galestarren anbibalentziak Ingalaterraren eta Galesen arteko lotura estuetan eginak dauzka, nonbait, bere erroak. Galesko ekialdeko boto emaile gehienek erreferendumaren aurka egin zuten, eta mendebaldeko gehienek, berriz, alde. Izan ere, ekialdekoak Ingalaterratik hurbilago baitaude, eta kulturaz hari lotuago. Mendebaldean, berriz, abertzaletasuna biziago dago eta zenbait lekutan galesera da hizkuntza nagusia oraindik ere. v Alderdi Laboristarentzat ezusteko handia izan zen erreferendumean hain jende gutxik parte hartzea eta aldekoen eta aurkakoen arteko tartea hain txikia izatea. Aurka zeudenen ustean bozketak ez zuen autogobernuaren aldeko jarrera garbia erakusten. Dena dela, 1999ko udaberrirako deitu ziren Legebiltzarrerako lehen hauteskundeak. Legebiltzarrak bere gain hartuko du Galesko gastuak administratzeko eta beste zenbait arazori konponbidea bilatzeko ardura, baina bere aginpidea mugatua izango da. Legeak Erresuma Batuko Legebiltzarrean egingo dira eta Galeskoari legeok behar bezala betetzen diren kontrolatzeko ardura besterik ez zaio utziko.