Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Galeno

(Gr. Claudios Galenos). Greziar sendagilea (Pergamo, 131 - Erroma edo Pergamo, 201). Medikuntzaren historian eragin handiena izan dutenetakoa izan da. Lehen ikasketak bere aitarekin egin zituen, arkitektoa baitzen. 17 urte zituela medikuntza ikasketak egiten hasi zen, Pergamoko medikuekin. Geroago Esmirna, Korinto eta Alexandriako medikurik ospetsuenekin jarraitu zituen bere ikasketak. Bederatzi urte Pergamotik kanpoan igaro ondoren berriro itzuli zen bere hirira eta kirurgialari eta gladiadore irakasle gisa lan egin zuen. 161. urtean Erromara aldatu zen. Zenbait enperadoreren mediku izan zen. Galenoren eragin handia bere idazkiei zor zaie, asko gorde baitira galdu gabe. 1821-33 bitartean egin zen Galenoren obren argitalpenak 22 liburuki handi ditu, 120 liburutan banatuak. Bere obretan azaltzen denez, oso gizon jakinmina zen; kirurgialari eta mediku gisa izan zuen osperik handiena, baina filosoria, zientziaren historia eta logika ere landu zituen bere obretan.  Filosofia eta logikazko obra gehienak, ordea galdu egin dira.  Medikuntza eta kirurgiazko lanak gorde dira batez ere. Bere liburuetan azaltzen denez, bere garaian ezagutzen ziren osagai eta prozedura guztiak erabiltzen zituen, hainbat esperimentu egin zituen arnasketaz, giltzurrunen funtzionamenduaz, bizkarrezurreko muinaz. Arterietan odola dabilela frogatu zuen. Esperimentu horiek tximinoekin, zerriekin eta beste zenbait animaliarekin egiten zituen.  v Bere obrak grekoz idatzi zituen. VII. mendean siriakora itzuli ziren, eta geroago arabierara. Era horretara Islam munduko medikuntzako jakintsurik ospetsuena izatera iritsi zen, eta haren lanetan oinarritu zen neurri handi batean arabiarren medikuntzazko jakintza. V. mendean Galenoren hainbat obra latinera itzuli baziren ere, XII-XIII. mendeetan  berriro arabieratik latinera itzuli ziren arte ez zen oso ezagutua izan.