Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Galdikas, Birute

Kanadar antropologoa, Alemanian jaioa (Wiesbaden, 1946). Gurasoak Lituaniatik Kanadara bidean zihoazela jaio zen, Alemanian, baina Toronton hezi zen. Oso txikitatik erakutsi zuen izadiarekiko zaletasuna eta izaki bizien jatorriari eta portaerari buruzko kezka. UCLAko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, psikologiakoak eta antropologiakoak, eta ikasketak amaitu ondoren, 22 urte zituela, orangutanen ikerketarako zentro bat zabaldu zuen Borneon, Louis Leakey ikertzailearen laguntzari esker. Zentroa zabaldu zuelarik 23 urte eman ditu oihanean, orangutanak nola bizi diren aztertzen. Tarteka denboraldiak igarotzen ditu Vancouverren, Simon Fraser Universityn irakasle lanak betetzen. Hainbat aldizkaritan idatzi ohi du, National Geographic, Science eta beste hainbatetan, eta liburu bat eman du argitara. Gaur egun Galdikas da, zalantzarik gabe, orangutanei buruzko aditu handiena. Bere ikerketetan ateratako ondorioen arabera, Galdikasen iritzian, gizakiok gure talde izaerari jaramon egin, gure ezaugarri hori kontuan hartu eta taldean bizi eta lan eginko genuke, baldin eta hirian estresaturik bizi diren orangutanak izan nahi ez badugu. Bere ustez, gure bilakaera biologikoari esker, gure lotura sozialei esker lortzen dugu gure grina kontrolatzea, ingurunea zaintzea eta adimen osasuna kontserbatzea.