Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gaigne, Pascal

Euskal Herrian errotutako frantses musikagilea (Caen, 1958). Normandian jaioa izan arren, beti egon da oso lotua Euskal Herriari eta euskal musikari, eta Donostian bizi da 1986az geroztik. Musika ikasketak Paueko Unibertsitatean eta Tolosako Kontserbatorio Nazionalean egin zituen. Gaur egun musika elektroakustikoko irakasle da bertan. Horrekin batera, informatika musikalaren inguruko ikerketa taldeetan lankide da. Belaunaldi askotako euskal musikariekin lan egin du, besteak beste Imanolekin, Niko Etxartekin eta, batez ere, Amaia Zubiriarekin, azken honekin batera hiru disko kaleratu baitzituen: Egun argi hartan, Kolorez eta ametsez eta Hamar urte euskal zineman. Berriki, Joseba Tapiarekin eta beste hainbatekin ere aritu da, eta produkzio lanetan ere badihardu. Zenbait kantari gazteen diskoen ekoizle izan da, halaber. Musikagintzaren arlo asko lantzen ditu Pascal Gaignek. Laguntzaile, ekoizle eta moldatzaile lanetan aritzeaz gain, bere obra propioa lantzen jarraitzen du, eta horretan garrantzi handia du –gaurko musikaren eta musika elektroakustikoaren alorrean egiten duen lanaz gainera– zinemarako musikak. Sortu duen soinu bandarik ezagunenetakoa Victor Ericeren El sol del membrillo filmari egindakoa du, baina bereak dira, era berean, Cuando vuelvas a mi lado (Gracia Querejeta), El otro barrio (Salvador García Ruiz), Flores de otro mundo (Iciar Bollain) edota Mensaka (Gustavo Salmerón) film arrakastatsuen soinu bandak. Antzerkirako musikarik ere egin du, esate baterako Txalo konpainiaren Dama eta kardinala lanarena. 1997an, Josetxo Silguero eta Jesús Mari Garmendiarekin batera, Ensemble Aksa taldea sortu zuen, euskal musikagile gazteen lana ezagutzera emateko.