Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Franklin, Benjamin

Estatu Batuetako politikari eta idazlea (Boston, 1706 - Filadelfia, 1790). Jatorri ingeleseko familia bateko semea. Gazte zelarik bere anaiak zeukan inprimeria batean hasi zen lanean. Ez zen eskolara joan eta bere kabuz ikasi zuen Addosin-ek Spectator-en argitaratzen zituen artikuluen plajioak eginez. 1723. urtean Filadelfiara joan zen; Pennsylvaniako gobernariak haren prestutasunaz ohartu eta Londresa bidali zuen. Londresen Askatasunaz eta atseginaren eta atsekabearen premiaz idatzi zuen. Merkatari aberats baten kontaduriaren ardura hartu zuen. 1726. urtean Filadelfiara atzera itzuli eta bere inprimeria sortu zuen (1730). Pennsylvania Gazette-n, Richard Saunders ezizenaz, ospe handia irabazi zuen Almanaka (Poor Richard’s Almanach) argitaratzen hasi zen. Filadelfiako logia masonikoko bazkide izan zen; “Junte” sortu zuen, eztabaida librerako elkartea. 1727. urtean kolonietako lehen herri liburutegia sortu zuen eta 1743an Pennsylvaniako Unibertsitate izango zen Ameriketako Filosofia elkartea. 1753. urtean Ameriketako Postako administrari nagusi izendatu zuten. Elektrizitateari eta meteorologiari buruzko idaztiak argitaratu zituen, eta tximistorratza asmatu zuen. Ameriketako kolonietako enbaxadore nagusia izan zen Britainia Handian. Hasieran inperioaren aldeko bazen ere, tearen eta azukrearen gaineko zerga gogorren auziaren ondoren fisiokrata frantsesen aldera egin zuen. 1773. urtean berebiziko arrakasta izan zuten bi idazki argitaratu zituen: Estatu handi bat txiki egiteko arauak, Prusiako erregearen ediktua. 1776ko uztailaren 4ean Jefferson-ek prestatu zuen Independentzia aldarrikapenaren zuzenketak Franklinek berak egin zituen. Frantsesen laguntza lortzeko hautatu zuten eta Parisen harrera ezin hobea egin zioten. Robespierre eta Danton-ekin hitz egin zuen eta, La Fayetteren laguntzaz, gudaroste bat, itsasontzidi bat eta dirulaguntza lortu zituen. Pennsylvaniako Kontseilu Beterazleko lehendakari izan zen eta berak idatzi zuen 1787. urtean Konstituzio federala. Obrak: Lurralde urrun eta pobreei laguntzeko Egitasmoa (1771), Ameriketara emigratu nahi dutenei oharrak (1784), eta guztien gainetik bere Memoriak, Amerika modernoaren sorreraz hainbat datu jasotzen dituen dokumentu bizia.