Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Foster, Norman

Arkitekto ingelesa (Manchester, 1935). Munduko arkitekto ospetsueneako bat izan da XX. mendearen azkeneko bi hamarraldietan. Manchesterren sortu zen eta han bertan arkitektura eta urbanismo ikasketak egin zituen. Gradu ondorengo ikasketak Estatu Batuetan egin zituen, Yaleko Unibertsitatean. Ikasketak amaituta, Londresera itzuli zen, eta Team 4 lantokia sortu zuen, beste hiru arkitektorekin batera. 1968 eta 1983 bitartean, zenbait proiektutan lan egin zuen Buckminster Fulerrekin batera. Hasieran, eraikuntza apaindurarik gabeak diseinatu zituen (Reliance Control-eko eraikuntza, adibidez, Swindonen, Britainia Handian), baina aurrerago gainalde makurrak eta material mota desberdin asko erabiltzen hasi zen. Aldaketa horretan, garrantzi handiko urratsa izan zen Willis, Faber & Dumasen egoitza nagusia (1975, Ipswich, Britainia Handia): eraikuntzaren beira leunezko aurrealde uhinen gisara kizkurtua orubearen muga irregularraren gainean altxatzen da. Arkitektoaren bilakaera horren eta haren egungo konplexutasun formalaren beste adibide bat Stanstedeko aireportuko terminala da (1991, Essex, Britainia Handia): gainalde zabalei eusten dieten zuhaitz itxurako zutabeek eta eta metalezko hari tenkatzaileek lehenbiziko aeroplanoetako burdin harizko egiturak gogorarazten dituzte. Xehetasunetan jartzen duen arretaren eta arkitekturaz duen ikuskera global ikusgarriaren nahasketaren erakusgarri bikaina dira, berriz, Hongkong and Shanghai Banking Corporationeko bulego nagusiak (1986, Honk Kong), Norman Fosterren maisulana kritikari askoren ustean. Aipagarriak dira, bestalde, hiri diseinuan eta plangintzan egin dituen lanak: hiri plangintza orokorrak (Berlin eta Cannes, besteak beste), hiri zati jakin bateko plangintzak (King's Cross, Londres), Lisboako 1998ko Erakusketa Unibertsalerako hiriaren antolakuntza, eta abar. Baina arkitektura eta hirigintza lanak ez ezik, ingeniaritza lanak ere egin ditu: Collserolako telekomunikazio dorrea Bartzelonan (1999-1992), Bilboko metroko sarrera-irteerak (1988-1995), eta abar. Oraindik bukatu gabe dituen proiektuen artean, Hong Kongeko aireportu berria, Alemaniako Legebiltzarrerako egoitza berria Berlinen, eta kono baten itxurako 1.000 metroko etxe-orratza dira, beste askoren artean, aipagarrienak.