Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fleischer, Richard

Estatubatuar zinema zuzendaria (Brooklyn, New York, 1916). Max Fleischer marrazki bizidunen egile eta zinema ekoizle ospetsuaren semea da. Aitak, besteak beste, Popeye eta Betty Boop pertsonaiak sortu zituen. Richard Medikuntza ikasten hasi zen, baina gero Yaleko Arte Dramatikoko Eskolan sartu zen. Antzerki munduan murgiltzen hasi zen, eta 1937an The Arena Players antzerki talde abangoardiazalea sortu eta zuzendu zuen. 1940ko hamarkadan dokumentalak egiteari ekin zion. Garai horretakoak dira zinemaren aitzindariei buruzko Flicker flashbacks film antologikoak (1942-1946). 1946an lehen film luzea zuzendu zuen, Child of Divorce. Horren ondoren, Design for Death dokumentala egin zuen Ozeano Bareko gerran oinarrituta, eta Oscar bat lortu zuen lan horrekin. Horren ondorioz, Stanley Kramerrek So This is New York filma ekoitzi zion, eta horrekin zinema zuzendari gisa onartua izatea lortu zuen. Garai horretan Walt Disney eta Darryl Zanukekin ere lan egin zuen. Film ezagunenen artean ditu: 20.000 Legoako bidaia itsaspean (1954), Trapezio gorriko neska (1955), Bidelapurra (1956); Bikingoak (1958), Barrabas (1962), Bidaia Harrigarria (1966), Bostongo itoarazlea (1968), Soylent Green (1973), Mandingo (1975), Jazz abeslaria (1980).