Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Flaubert, Gustave

Frantses idazlea (Erruan, 1821 - Croisset, 1880). Bere garaiko giro erromantikoa bere egin zuen, eta oso gazterik hasi zen idazten. Parisen, zuzenbide ikasketak egiten ari zela (han ezagutu zuen Victor Hugo), gaixotasunak jo zuen eta Erruan ondoko Croisset landetxera erretiratu zen (1846). Handik aurrera literaturan murgildurik bizi izan zen. Parisa Louise Colet olerkaria ikustera joan zen, eta bidaia handiak egin zituen, ekialdera batez ere (1849tik 1851ra), eta bere adiskideekin gutun harreman luzeak izan zituen. Flauberten obra, bat dator guztiz, bere baitan bizi ziren bi “gizon bereziekin”: bata liriko hutsa, esaldien doinuei lotua; bestea, berriz, egia ahalik eta sakonen aztertzen duena. Hala erromantiko azaltzen da Salammbô eleberrian (1862), edo Tentation de saint Antoine (1849-1856-1874) eta Herodias edo La Légende de saint Julien l’Hospitalier eleberrietan. Haren obra errealistetan, Madame Bovary (1857, Patxi Apalategik euskaratua), L’Education sentimentale (1869) edo Bouvard et Pécuchet lan satirikoan (bukatu gabea, 1881), egiaren bila abiatzen da, bere esanetan objetibotasuna du helburu, ez “pertsonaiak aldatu eta norberarengana erakarriz”, baizik “errealismotik abiatu eta edertasunera helduz”.  v  Madame Bovary, da zalantzarik gabe Flauberten lanen artean, ezagunena eta geroroko literaturan eta, batez ere eleberrigintzan, eragin handiena izan duena. Liburuaren berrikuntza nagusia haren erromantizismoaren kontrako jarrera da, bai ideologikoa eta bai formala.