Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fauré, Gabriel

Frantses musikagilea (Pamiers, 1845 - Paris 1924). Niedermeyer eta Saint-Saëns-en ikasle izan ondoren, kapera maisu (1877) eta organo-jotzailea (1896) izan zen Madeleine elizan. Kontserbatorioko irakasle eta zuzendari izan zen (1905-1920). Bere ikasle izan ziren, besteak beste, M. Ravel, N. Boulanger, G. Enesco, F. Schmitt, Ch. Koechlin eta R. Ducasse. 1903az geroztik, gorreriak jota, bizitza latza izan zuen. Hezkuntzaz klasikoa eta tradizionalista zen, eta kantu gregorianoaren moduak erabili zituen harmoniaren esparrua zabaltzeko. Organo-jotzailea izan arren ez zuen organorako konposatu, baina melodian, pianorako eta ganbera musikan gailendu zen. Debussy-rekin eta Ravelekin aldera daiteke bere obren edertasunagatik eta sakontasunagatik. Bera izan zen, Frantziako musikarien artean, antzinako Greziako eskalak estilo modernoan erabili zituen lehena. Prométhée (1900) eta Pénélope (1913) operak idatzi zituen, musika sinfonikoa, ganberakoa, pianorako 50 lan inguru (barkarola, nokturno eta impromptusak), eta Requiem bikain bat. Frantziatik kanpora ez zuen entzute handirik izan aski berandu arte, baina gaur egun Frantziako musikagilerik handienen artean daukate.