Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fabra i Poch, Pompeu

Kataluniako filologoa eta hizkuntzalaria (Bartzelona, 1868 - Prades, Ipar Katalunia, 1948). Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta kimika irakasle izan zen Bilbon. Alabaina, Kataluniako hizkuntzaren aldeko lanetan hasi zen gaztetan (Ensayo de gramática del catalán moderno, 1885) eta bizitza guztia eman zuen egiteko horretan. Katalanaren batasunaren bultzatzaile irmoenetako bat izan zen eta 1890. urtetik aurrera, katalanaren ortografia batuaren alde egin zuen L’avenç aldizkaritik. 1911. urtean, Institut d’Estudis Catalans elkarteko kide egin zen, eta geroago katalanaren ortografia arau berriak eman zituen taldearen gidari nagusi izan zen (Normes ortogràfiques, 1913). Diccionari ortogràfic obra argitaratu zuen ondoren (1917, Hiztegi ortografikoa). Gramàtica catalana izeneko obra eman zuen argitara 1918an, ofizialtzat hartu izan dena ordudanik. 1919-1928 urteetan katalanaren izaera eta egoerari buruzko artikulu asko idatzi zuen; Converses filològiques izeneko bilduman jaso ziren 1954-1956 urteetan. Berak kudeatutako Diccionari general de la llengua catalana (Katalanaren hiztegi orokorra) obra handia plazaratu zen 1932an. Bartzelonako unibertsitateko katalana katedra eskuratu zuen 1932an, baina egotzi egin zuten handik, Kataluniako independentziaren aldeko matxinadan parte hartu zuelako, 1934eko urriaren 6an. Kataluniako Generalitateko Kultura Sailburu izan zen 1933an eta erbesteko bidea hartu zuen frankistek 1936ko Gerra Zibilean Bartzelona hartu aurretik.